Jardunaldi bikoitza du asteburuan Realaren belar hockey taldeak

Larunbatean eta igandean izango ditu partidak Realaren belar hockey taldeak; etxean izango dira biak, RC Poloren eta UD Taburienteren aurka, hurrenez hurren. Reala zortzigarren postuan dago sailkapenean, hamazazpi punturekin, eta aurrean daude asteburuko bi aurkariak. RC Polo laugarren postuan dago 27 punturekin, eta UD Taburiente zazpigarren dago, hemezortzi punturekin.
Futbolean, Realaren bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Natalia Arroyoren taldeak Kanaria Uharteetara egingo du bidaia, Teneriferen aurka lehiatzeko. Mutilek, berriz, Granadaren aurka jokatuko dute Andaluzian. Bosgarren postuan dira Imanol Alguacilen mutilak, 45 punturekin. Sevilla eta Vila-realen artean dago sailkapenean, 48 eta 42 punturekin, hurrenez hurren. Neskak, berriz, seigarren daude ligan, 37 punturekin, eta Txapeldunen Ligaren aurreko fasea jokatzeko postua zazpi puntura dute, Real Madril baitago hirugarren postuan, 44 punturekin.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Zaragozaren etxean jokatuko du igandean. Lehen zortzi taldeek izango dute playoffetarako txartela, eta Ibaeta bederatzigarren postuan dago. Hori bai, zazpigarren eta zortzigarren sailkatuen puntu berberak ditu, 38. Gipuzkoa Basketek, berriz, Valentzia Basket jasoko du igandean Illunben. Azken posutan daude donostiarrak, Betisekin berdinduta, eta Valentzia Basket bosgarren postuan dago, ligako final laurdenetarako sailkatzeko aukera handiekin.
Bera Berako eskubaloi taldea, berriz, Puerto del Carmen taldearen aurka lehiatuko da bihar, Donostian. Bera Bera matematikoki sailkatuta dago txapelketaren bigarren zatirako, eta Erreginaren Kopan ere bizirik jarraitzen du.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinen nesken taldea playoffeko finalera pasa zen joan den astean, eta asteburu honetan finaleko lehen partida izango du. Txuri Urdin eta Majadahondaren artean da finala, eta hiru partida jokatuko dira. Mutilak semifinaletan daude, Puigcerdaren aurka, eta lehenengo partida galdu egin zuten. Martxoaren 20an eta 21ean dituzte beste bi partidak.
Partidak:
FUTBOLA
Emakumezkoen Lehen Maila, 21. jardunaldia:
Tenerife – Reala (Igandea, 11:30)
Gizonezkoen Lehen Maila, 27. jardunaldia:
Granada – Reala (Igandea, 16:15)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen Lehen Maila, 27. jardunaldia:
Zaragoza – Ibaeta Basket (Igandea, 12:00)
Gizonezkoen Lehen Maila, 25. jardunaldia:
Gipuzkoa Basket – Valentzia Basket (Igandea, 17:00)
ESKUBALOIA
Emakumezkoen Ohorezko Maila, 14. jardunaldia:
Bera Bera – Puerto del Carmen (Larunbata, 20:00)
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen Ohorezko Maila, 14. jardunaldia:
Reala – RC Polo (Igandea, 12:30)
Reala – UD Taburiente (Igandea, 11:00)
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen Hockey Liga, playoffetako finala:
Txuri Urdin – Majadahonda (Larunbata, 19:00)