Aberri Eguna batera ospatzeko deia egin dute
COVID-19ak eragindako itxialdia dela eta, hainbat herritarrek balkoietan eta leihoetan ospatu zuten joan den urteko Aberri Eguna. Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapiain bertsolariek irudikatu dute iazko egoera hura, Donostiako Konstituzio plazan; eta Andoni Ollokiegi musikariak aurten lortu nahi dutena egin du, denek batera kanta egiteko, plazan elkartzea.
Euskal Herria Batera herri ekimenak egin du gaur eguerdian egitasmo honen aurkezpena. Apirilaren 4an, 12:30ean, ikus-entzunezko seinale bat emango da irrati, tokiko telebista eta sareen bidez, eta herritarrak kantuz elkartzea izango da helburua. Seinale hori edozein tokitatik jarraitzera animatu dituzte herritarrak, eta baita herri eta auzoetako plazetan elkartzera ere. “Herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko deia egiten dugu, beti ere COVID-19ak ezartzen dituen osasun eta segurtasun irizpideak zorrotz betez”, adierazi dute sustatzaileek. Azpimarratu dute ez dutela soilik plazetara mugatu nahi: “Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu”.Ekimen honen bidez “Euskal Herria burujabea” aldarrikatuko dutela azaldu du Imanol Esnaolak: “Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko. Komunitate nazional gisa, zainduko gaituen herri bat izan nahi dugulako”.
Hiru kantu Euskal Herria batzeko hiru kantu proposatu dituzte: Gernikako Arbola, Txoria Txori eta Ikusi Mendizaleak. Donostiako ekitaldian Andoni Ollokiegik kantatu ditu. Halere, herritarrei Euskal Herriarekin batzen dituen edozein kanta proposatu eta plazetan kantatzera animatu dituzte: “Helburua da guztiok batuko gaituen ekimena egitea”. Bestalde, Aberri Egunean leiho eta balkoiak ikurrinaz eta nafar ikurrez apaintzeko deia ere egin dute.