Sortzaileak atera egin dira, eta Egiako hainbat gune hartu dituzte
Atera izeneko autoedizio azoka egin dute gaur, AZPI kultur elkarteak antolatuta. 60 sortzaile eta argitaletxe independenteren lanak bildu dituzte, eta Egiako askotariko denda eta espaziotan erakutsi dituzte.
“Duela urtebete sartu ginela ospatzeko, aurten ATERA”. Eta hala bataiatu dute gaur egin duten autoedizio azoka. Hainbat diziplinatako sortzaileen lanak eta argitaletxe independenteak ezagutzeko aukera eman du Mundaiz kaleko AZPI kultur elkarteak.
Auzo osora zabaldu dute azoka: Egiako hainbat lokaletan parte hartzaileen sormen lanak jarri dituzte ikusgai eta salgai. Tatuaje dendak, mertzeriak, zapata dendak, tabernak, belar dendak… Leku askotara zabaldu dituzte fanzineak, laminak, komikiak, diskoak eta liburuak, besteak beste.
AZPI kultur elkarteak antolatu du azoka. 10 bat sortzailek osatzen dute elkartea. Batzuk arkitektoak dira, beste batzuk diseinatzaileak dira, zinemagileak ere badira, baita hezitzaileak ere. ATEA izeneko programa bat daukate, eta bertan, kide batek bere jardunaren inguruko sortzaileak biltzen ditu. Ane Zaldibar ilustratzaileak bultzatu du ATEA 5, eta bere lanaren emaitza izan da Atera autoedizio azoka. Duela urte batzuk Donostian antolatzen zen Guillotina autoedizio topaketaren espiritua (2019an izan zen azkena) berreskuratu nahi izan du.
Azokako parte-hartzaileak deialdi ireki baten bidez aukeratuak izan dira, eta antolatzaileek esan dutenaren arabera, batik bat Euskal Herriko hainbat txokotik etorritako talde heterogeneoa osatzen dute. Lantzen dituzten diziplinak ere anitzak dira, hala nola, marrazkia, artea, arkitektura, musika, komikia, poesia eta zinea.
Azokaren gune bihurtu diren espazio horietan 30 sortzaileren lanak erakutsi dira. Eta AZPI kultur elkartearen egoitzan, beste 30. “Gure egoitzan guk aukeratutako editorial independenteak ekarri ditugu, eta beste guneetan, deialdian parte hartu zuten sortzaileak izan dira”, azaldu du Jonander Agirrek, AZPIko kideak. Azokaren bidez AZPIren eta sortzaileen arteko harremanak sendotu nahi izan dituzte, baita auzoarekin duten lotura indartzea.
Txakur Gorria kolektiboa Egia kaleko Gonzalez zapata dendan izan da. Malen Amenabar Larrañaga ilustratzaileak azaldu du beraiek autoeditatutako liburuak eta guk sortutako laminak ekarri dituztela. Besteak beste, Memoria lehortzen, memoria galtzen ari den emakume bati buruzko postal bilduma: “Ilustrazioen eta koplen bidez kontatutako istorio bat da”. Errealitateak ipuin bilduma da, zortzi ipuin eta zortzi ilustrazio dira. ‘Orainmenean’ bertsolaritzaren genealogia feminista bat da.
Plazaberriko Cactus tabernan Tarde y Mal eta Hijos Acabados fanzineen sortzaileak izan dira. Donostialdeko hiru lagunek sortu dute Tarde y Mal. Grafitiarekin lotutako fanzineak dira, baina hainbat iturrietatik edaten dute: kalea, kaleko musika, rapeatzaileak… Kaleko espresioa dute gustuko.
Hijos acabados ere fanzine-aldizkari kolektibo bat da. Paula Estevez, Maite Caballero eta Mikel Larraioz ilustratzaileak dira egileak. “Gure marrazkiak eta gonbidatzen ditugun hainbat idazle eta ilustratzailerenak argitaratzen ditugu”, esan du Estevezek. Bosgarren zenbakia egin dute jada.
Ametzagainako RAZ estudioan arkitekturarekin lotutako hainbat argitalpen erakutsi dituzte. Jonander Agirre eta Ander Gortazarren Gehiengoaren hiria liburua dago salgai: “Pasaiako badiako arkitektura estigmatizatua edo desarrollismoaren garaiko arkitekturaren liburua da, kasik manifestu puntu bat duena”, azaldu du Gortazarrek. Covid Study Houses liburua ere jarri dute erakusleihoan. “Jonander Agirrek eta Ekain Olaizolak konfinamendu garaian eskaera ireki bat egin zuten, jendeak euren etxeak marraztu zitzan”. Eta marrazki horiek bildu dituzte argitalpen honetan. Aldiri arkitektura aldizkariaren katalogoa ere ekarri dute: “Duela hamar bat urte sortutako euskarazko aldizkaria, arkitekturari buruzkoa”.
Gaurko azoka galdu dutenek, aukera izango dute hurrengo egunetan AZPI Kultur Elkartearen egoitzara (Mundaiz, 14, behea) joan eta azokan parte hartu dutenen lanak ikusi eta erosteko. Izan ere, liburudenda bilakatuko da martxoaren 13tik 21era (11.00etatik 20.00etara zabalik).