Artzain Onaren katedralaren parean egongo den metroaren sarbideko lanak abiatu dituzte
Donostiako Metroa egiteko lanetarako Kontxako hondartzan egiten ari ziren zundaketa geologikoak amaitutzat eman ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS), eta Artzain Onaren pareko lanak abiatu ditu. ETS-k azaldu duenez, joan den astean hasi ziren Artzain Onaren pareko lanekin, Loiola kalean jarriko duten metroaren sarbidearen lanekin, alegia. Momentuz, Loiola kaleko Erdialdea-Kontxa sarbideko mikropiloteak jartzen ari dira, aurrerago zuloa egiten hasteko. Era berean, ETS-k nabarmendu du San Martin kaleko lanak “martxa onean” doazela.
Bestalde, hondartzan bertan egiten ari ziren zundaketak bukatu badituzte ere, arkupeetakoak egiten jarraitzen dute, baina laster bukatuko dituzte: “Apirilerako”, ETS-ren arabera. Zubieta kalean gertatutako luizien ondorioz egiten ari dira zundaketa horiek, eta arkupeetakoetan ormigoi injekzioak egiten ari dira, “ingurua lehengo egoeran uzteko” helburuarekin. Lan horiek Easo-Mirakontxa zatiaren (2,1 kilometro) adjudikazio berria heldu aurretik egiten ari dira, izan ere, aurreko kontratua bertan behera utzi zuten azken luiziaren ondoren. Gainera, proiektuaren kostu osoa 150 milioi eurokoa da orain, aurreikusitakoa baino %65 gehiago, eta 2025eraino atzeratu dute. Behin-behineko zazpi enpresa elkargo ari dira lan horien kontratua eskuratzeko lehiatzen.
Kontratua adjudikatzen dutenean, enpresa esleipendunak Easo plazaren inguruko lanak bukatu beharko ditu 40 hilabeteko epean eta 61,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Horrela, behin lurra egonkortuta, Easo-Mirakontxa zatiko hondeaketa lanak maiatzean edo ekainean berrartzea aurreikusten du ETS-k, 2024ko bukaeran amaitzeko.
Kontxan egin dituzten azken zundaketetan material karstikoa aurkitu dute; hain zuzen, inguru guztian nagusitzen da material hori, eta metroa egiteko lanak material karsitikoan aritzearen ondorioz gertatu ziren iazko luiziak.