Donostiako apustu etxeen gorakadaz ohartarazi du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostia taldeak udal gobernua interpelatu du astelehen goizeko udal batzordeetan, hirian apustu etxeen kopurua hazten ari dela ohartaraziz. Haizea Garai zinegotziak Haritik Hirira geografo taldeak egindako ikerketa aipatu du interpelazioan, eta nabarmendu du ikerketaren ondorio nagusia dela kirol apustu makina gehienak errenta maila baxuena eta langabezia tasa altuena duten auzoetan daudela kokatuta: “Auzo zaurgarrienetan gainontzekoetan baino makina kopuru bikoitza dago”, azpimarratu du. Hedabide honek Haritik Hiriraren ikerketaren berri eman zuen otsailean.
Horrela, Garaik galdetu du ea zergatik udalak ez duen garatu auzo zaurgarrienetako ludopatiaren aurkako neurririk. Elkarrekin Donostiako zinegotziak hedabide honi azaldu dionez, Marisol Garmendia Osasun Publikoko zinegotziak Adikzioen Plana aipatu du, baina hor “ez dago ezer zehatzik horri buruz”. Era berean, Garaik Garmendiari galdetu dio ea zein neurri hartuko dituen udal gobernuak gazteentzako aisialdi aukera alternatiboak eskaintzeko, eta apustu etxeei mugak jartzearen alde egin du; hala nola, kirol ekitaldietan publizitatea debekatzearen, hezkuntza zentroetatik urruntzearen eta gaztelekuetan sentsibilizazio kanpainak garatzearen alde. Garairen arabera, ordea, Garmendiak erantzun du udalak ez duela eskumenik apustu etxeei mugak jartzeko. Une horretan, Garaik udal gobernuari gogorarazi dio duela aste batzuk koalizio ezkertiarrak apustu etxeak mugatzeko proposamen bat aurkeztu zuela Eusko Legebiltzarrean, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zutela. Bestalde, Garaik salatu du Garmendiak “jarduera ludiko” terminoa erabili duela apustu etxeei erreferentzia egiteko.
Elkarrekin Donostiak nabarmendu du apustu etxeei mugak jartzearen alde lan egiten jarraituko dutela, baita gazteen artean sentsibilizazio kanpainak garatzearen alde lan egiten ere.