Lehen greba eguna dute Gipuzkoako eraikinetako eta aretoetako garbitzaileek
Gipuzkoako eraikinetako eta aretoetako garbitzaileek haien egoera prekarioa salatu dute Donostiako erdialdean egin duten mobilizazioan, grebaren lehen egunean. Garbitzaileak “oso egoera prekarioan” lan egiten jarraitzen dutela salatu dute, eta sektorean soldata arrakala dagoela gehitu dute. Hau dela eta, erakunde publikoez gain, bestelako aktoreak ere salatu dituzte, bezeroak batez ere: “Gaur gure sektoreko hainbat bezero salatu ditugu, banketxeak, multinazionalak eta administrazioak, esaterako. Gure prekarietatearen konplize dira”. Zehazki, San Martin merkatalguneko Zara eta bestelako moda dendak seinalatu dituzte, baita Euskotren ere.
Arrakala eta baldintza prekarioak
Garbiketaren sektorean jardunaldi osoan lan egiten duten pertsonek etxetik kanpo hamabi ordu pasa behar izaten dituztela salatu dute, baina hori langileen %20a baino bakarrik ez dela gehitu dute. Bestalde, emakumeek %28 gutxiago irabazten dutela adierazi dute.
“Egunero da Martxoak 8”
Erakunde publikoek eta enpresa handiek Martxoaren 8an duten jarrera ere salatu dute: “Guretzat, egunero da Martxoaren 8a. Joan den astelehenean guztiek hitz egiten zuten berdintasunaren inguruan, baina non daude gaur genero berdintasunaren izenean hitz egiten zuten erakunde publikoak? Zer egin dute soldata arrakalarekin amaitzeko? Hitzekin ez da nahikoa”.