Loiolako kuartelak "herritarrentzat berreskuratzera" deitu dute
Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak agerraldia egin zuen larunbatean Donostian, Loiolako kuartelen parean, martxoaren 27rako prestatu duten ekimen nazionalaren berri emateko. Hain zuzen, 78ko erregimenari aurre egiteko egitasmoa izango da: “Bere logika oso sinplea dela uste dugu: elite bati mesede egitea. Sistema ekonomikoa, judiziala, politikoa, kulturala eta, azken finean, ideologikoa da 78ko erregimena. Erregimen hori da Estatu espainiarraren berezko forma”.
Larunbateko agerraldian, nabarmendu zuten Donostiako Udalak kuartelen lursailean duen proiektuarekin ez datozela bat: “Donostiako udalak Loiolako kuartelak erosteak 78ko erregimenaren osagai nagusiak barnebiltzen dituela uste dugu. Lehenik eta behin, militar espainiarrak ditugu: Espainiako batasunaren eta eliteen interesen zaintzaile finenak. Bestetik, 78ko erregimeneko eliteak diru publikoa eskuratzen jarraitzeko pelotazo urbanistikoa ere bada. Bukatzeko, herritarren iritziarekiko mespretxua ere badugu. 78ko erregimenak ez du galdetzen, inposatu egiten du”. “Ederki konpontzen dira, udala, militarrak eta eraikuntza enpresak diru publikoa jokoan dagoenean”, gaineratu zuten.
Horregatik, 78ko erregimenarekin hausteko beharra azpimarratu zuten: “Porlanaren mafia beharrean, ongizate komuna lehenestea posible dela ozen diogu, eta badakigu hori soilik euskal errepublikarekin etorriko dela”. Hori dela eta, martxoaren 27an intsumisioaren mugimenduak duela 20 urte egindako bidea jarraituko dute: “Baimenik eskatu gabe, gureak ditugun burujabetzak praktikara eramaten hastea izango da euskal errepublikara eramango gaituen bidea”.
Horrela, hilaren 27an, 12:00etan, Loiolako Latsarien plazan elkartuko dira, euskal errepublikaren aldeko ekimen nazionala egiteko: “Erakusketak izango ditugu, sound sistem-a, eta intsumituen filosofiarekin bat eginez, militarren kuartela desjabetuko dugu herritarren esku uzteko. Euskal errepublikara eramango gaituen burujabetza iraultza hasi da”. Horretaz gain, aurretik, hilaren 25ean, 2 urte, 4 hilabete. Intsumisioaren garaipena dokumentala proiektatuko dute Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolan, 19:00etan. Proiekzioaren aurretik aurkezpen txiki bat egingo dute, eta joan ahal izateko izena eman behar da, ehunehuntzen@gmail.com helbide elektronikora idatzita.