Barandiaran tabernako lanetan Erdi Aroko harresia aurkitu dute
Bulebarreko Barandiaran tabernan lanak hasi zituzten duela hilabete batzuk, eta sotoko paretak botatzen ari zirela, Erdi Aroko harresia aurkitu zuten. Aurkikuntza honek ezustean harrapatu zituen Arkeolan arkeologia elkarteko kideak; izan ere, haien esanetan, harresi zaharra kanporago zegoela uste zuten: “Bagenekien inguru horretan zegoela Erdi Aroko harresia, baina ez genekien zehazki non zegoen. Uste genuen aurrerago egongo zela, Bulebarrean sartuago, eta ezustekoa izan da bertan egotea”.
Hala ere, azken urteetako azterketek harresia Barandiaran tabernaren azpian egon zitekeela iradoki zuten: “Duela urte batzuk harresiaren ibilbide hipotetikoa egin zen, eta gutxi gora behera Barandiaran tabernaren azpitik pasatzen zela ikusi genuen”, diote Arkeolaneko kideek.
Parte Zaharra, babestutako gunea
Donostiako Parte Zaharra gune arkeologikoa da, eta babestuta dago. Hau dela eta, bertan egiten diren lan guztiek kontrol arkeologikoa dute, ondarea errespetatzen dela bermatzeko. Barandiaranen jabeek adierazi dute harresia zaindu eta kristalera batekin babestuko dutela. Hala ere, joan den irailean Ancora elkarteak salatu zuen Barandiaraneko jabe berriak taberaren ondarea ez zutela errespetatu; izan ere, Barandiaran kafetegia Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren barruan dago, eta jabeek beirateak kendu eta marmolezko estaldurak puskatu zituzten.