Donostian presoei ongietorriak ez egiteko erakunde adierazpena sinatu dute PPk, PSE-EEk eta EAJk
Donostiako PPren ekimenez, EAJk eta PSE-EEk erakunde adierazpen bat sinatu dute, hirian presoei ongietorriak egin ez daitezen. Adierazpenean, nabarmendu dute elkarbizitzarako bidean “onartezina” dela “ETAko presoei omenaldiak egiten jarraitzea eta ekitaldi publikoetan, horma-irudietan, pintaketetan eta pankartetan goraipatuak izaten jarraitzea”. PPren arabera, EH Bilduk ez du adierazpena babestu, eta Elkarrekin Donostiak ez du erantzun. Erakunde adierazpenaren bidez, Donostiako udalbatza osatzen duten alderdiak ongietorrien inguruan duten jarrera agerian utzi dute, baina adierazpenak berak ez du legearen gaineko botererik.
PPk, EAJk eta PSE-EEk babestutako adierazpenak jasotzen duenez, “bakearen eta elkarbizitzaren kontaketak denbora, borondatea eta lan etiko handia” behar ditu, baita “gizartean indarkeria zilegizkotzat ez jotzea” ere. Sinatzaileen ustez, ordea, hori “hiltzea edo hiltzearekin bat egitea erabaki zutenen goraipamenarekin bateraezina” da. Era berean, gaineratu dute espazio publikoan presoen aldeko mezuak egoteak adierazten duela “gizartearen parte batek ez duela onartu indarkeria ezin dela zilegizkotzat jo”.
Bestalde, sinatzaileen ustez ezin da elkarbizitzaren alde egin espazio publikoan Denok kalera, Presoak kalera, Free them all eta Maite zaituztegu leloak baldin badaude. “ETAren ondorengo gizartean ezin dira biktimak gehiago umiliatu”, gaineratu dute. Ildo beretik, azpimarratu dute elkarbizitza “espazio komunean” eta “egunez egun” eraikitzen dela, eta, horregatik, sinatzaileen aburuz, “ETAko presoen omenaldiek, hain justu ETAkoak zirelako egiten direnak, gure elkarbizitzaren kalitatea kaltetzen dute, elkarbizitza hori eguneroko enpatia ariketan oinarritzen baita”.
Horregatik guztiagatik, talde sinatzaileek eskatu dute Donostian “ETAko presoei omenaldi publiko gehiagorik ez egiteko”. Era berean, hiriko espazio publikoak “etakideak idealizatzen dituzten mezurik gabeko eta ETAko presoen ikonografiarekin hartuta egongo ez diren elkarbizitzarako gune izatea bermatzeko” konpromisoa hartu dute. Horretaz gain, “memoria demokratikoaren, elkarbizitzaren eta indarkeriari zilegitasuna kentzearen aldeko horma-irudiak eta espazioak” garatzeko konpromisoa ere hartu dute.