Oletako begiratokian hobekuntzak egiteko eskatu du PPk
Donostiako Alderdi Popularrak Eneko Goia alkateari eskatu dio Oletako begiratokian, Altzan, bi konponketa egiteko, “bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko”.
Alde batetik, begiratokiaren sarrera konpontzeko eskatu dute. Izan ere, Oleta kalean hasten den zubi batetik sartzen da, baina kalea aldapan dagoenez, sarreran zintarri bat dago. PPk nabarmendu du hori oztopo bat dela, bereziki adineko herritarrentzat, eta estropezuak eta erorketak sortzen dituela. Horregatik, espaloia jaisteko proposatu dute, espaloia bera eta begiratokiko sarrera altuera berean egoteko.
Bestetik, herritarren erabileraren ondorioz, begiratokiko askaldegiko mahaien inguruan belarrik ez dagoela nabarmendu dute, baita euria egiten duenean putzuak sortzen direla eta dena lokatzez betetzen dela ere. Horregatik, mahaien inguruan galtzada harri zulodunak jartzeko proposatu dute, putzuak sortzea saihesteko eta belarra zuloetatik hazteko.