'Ameriketako bidaia' antzezlana, asteburuan Antzoki Zaharrean
Patxo Telleria antzerkigilearen Ameriketako bidaia obra Donostiara helduko da asteburuan, eta Antzoki Zaharrean taularatuko dute larunbatean, 19:00etan. Mireia Gabilondok da antzezlaneko zuzendaria, eta Nerea Mazo eta Miren Arrieta dira aktoreak, azken hori donostiarra. Emanaldia euskaraz izango da, eta sarrerak Donostia Kulturaren webgunean erosi daitezke, 9-15 euroan.
Honakoa da obraren sinopsia:
Ameriketako bidaia bi neraberen historia da, Jonerena eta Mariarena, zeinak Ameriketako Estatu Batuetara joan baitira ikasturtea han ematera. Bi nerabeak oso desberdinak dira, eta ez dute elkar ulertzen. Jonek iritzi ona du “estatubatuar bizimoduaz”; Mariak, berriz, aurreiritzi asko ditu ‘yanki’-en kontra. Aireportuan daudela, norbaitek ostu egiten ditu Joneren maletak eta dokumentazioa, eta poliziak atxilotu egingo du, legez kontrako etorkin latinoa delakoan.
Hizkuntza arazoak eta arrazarekiko aurreiritziak direla medio, egoera kafkiarra biziko du. Astebete latza pasatu ondoren, aske utziko dute, doi Mexikoko mugan kanporatzear dutela. Hala, Jonek hainbeste miresten zuen Amerika haren alderdi iluna aurkituko du; Mariak, berriz, jende solidarioa ezagutuko du, eta horrek lagunduko dio adiskidetzen hainbeste mespretxatzen zuen gizarte harekin.