Donostiatruk bigarren eskuko azoka, larunbatean Easo plazan
Donostiatruk bigarren eskuko objektuen azoka Amarako Easo plazan egingo dute larunbatean, hilaren 20an, 10:00etatik 14:00etara. Besteak beste, arropa, jostailuak eta liburuak erosi ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Erosle guztien artean, bi lagunentzako otordu bat zozkatuko dute, Egiako Km0 jatetxe beganoan.
Produktuak erosteaz gain, herritarrek erabiltzen ez dituzten objektuak ere saldu ahalko dituzte. Horretarako, antolatzaileen postura eraman beharko dituzte larunbatean bertan, 9:30etik 10:00etara. Bakoitzak bost objektu eraman ditzake gehienez, eta prezioa adostu ondoren, postuan utzi beharko ditu. Azoka bukatzean, postura itzuli behar da, diruaren bila; saldu ez bada, objektua bueltan emango diote. Aurreragoko azokan postua jarri nahi izanez gero, aurretik izena eman beharra dago, udalaren webgunean.
Koronabirusa dela eta, postu gutxiago jartzen dituzte orain, eta objektuak manipulatzea saihesten ari dira. Era berean, produktu guztiak desinfektatu egiten dituzte.
Donostiatruk azokaren Internet bidezko bertsioa ere eskuragarri dago, eta nahi duen orok etxean dituen objektuak saltzeko iragarkiak jarri ditzake. Objektuak oparitu ere egin daitezke, Nolotiro.org webgunearen bitartez.