Egitarau zabala prestatu dute Donostian herri kurduaren aldeko Newroz Eguna ospatzeko
Herri kurduaren aldeko Donostialdeko ekimenak antolatuta, Newroz Eguna ospatuko dute Donostian igandean, hilaren 21ean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Newroz eguna udaberriaren eta urte berriaren etorreraren ospakizuna da kultura kurduan, baita tiraniaren aurkako erresistentziaren sinbolo zahar bat eta kausa kurduari babesa adierazteko modu bat ere, eta, Donostian, Uliako mintegietan ospatuko dute.
12:30ean ekingo diote ospakizunari, harrera ekitaldiarekin. Ondoren, 13:00etan, konfederalismo demokratikoari buruzko ikastaroa eskainiko dute, eta 14:30ean bazkari autogestionatua egingo dute. Bazkalostean, 15:30ean, bisita gidatua egingo dute Ekinklik herri mugimenduaren argazki erakusketan, eta, 16:00etan, militante kurdu batek turkiar faxismoaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Azkenik, Daraçye kultur emanaldia ikusi ahal izango da 18:00etan, eta eguna 18:30ean itxiko dute, omenaldi batekin. Horretaz gain, egun guztian horma-irudi irekia izango da Uliako mintegietan, baita Kurdistani buruzko liburu azoka, aipatu argazki erakusketa, kafea eta chai tea ere.
Egitasmoa herritar guztientzako irekia da, baina pandemia dela eta, beharrezkoa da izena ematea. Horretarako dherrikurduarekin@riseup.net helbide elektronikora idatzi beharra dago.