Enplegu eta zerbitzu publikoak aldarrikatu dituzte udaletxearen parean
“Langile publikoen behin-behinekotasunarekin amaitzeko” eta “enplegu publiko duina sortzeko” greba egingo dute sektore publikoko langileek apirilaren 22an, eta greba hau aldarrikatzeko elkarretaratzeak egin dituzte EAEko hiriburuetan ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilasek. Hala ere, grebaren aurretik mobilizazioekin jarraituko dute: “Martxoaren 30ean mobilizazioak egingo ditugu lantoki guztietan”, adierazi du ELAk.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan %40koa da behin-behinekotasun tasa, “onartezina” sindikatuentzat. Espainiako Estatuko eta Europako altuena dela adierazi dute, eta modu “sistematikoan” eta “kasu askotan iruzurrez” egiten dela gehitu dute. “Egoera honek sektore publikoko langileen prekarizazioa eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoak ahultzea eragiten du”, salatu du ELAk, eta “erabaki politiko honen aurrean” mobilizatzen jarraituko dutela diote.
Sindikatuen helburuak, besteak beste, behin-behinekotasunarekin amaitzeko mekanismoak martxan jartzea, administrazioei pribatizazio eta kanporatze politikak alboratzea eskatzea eta langile gazteak kontratazeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat martxan jartzea dira.