Etume, nekazaritzari loturiko gunea
Gaur Etumeri begira jarrita zaila da pentsatzea garai batean nekazaritzari loturiko gunea izan zela. Hasiera batean, 1890 urtean, Don Juan Olasagasti Irigoyen izeneko jauntxo batek 32 hektarea erosi zituen inguru horretan. Juan Olasagati Irigoyen 1848 urteko maiatzaren 6an jaio zen Donostian eta familia garrantzitsuko semea izan zen. Bere aita Tomas, Donostiako Udaleko zinegotzia izan omen zen hainbat aldiz eta nekazaritza munduan ere ezaguna izan omen zen egindako aurrerapen eta erreformengatik. Juanek nekazaritzaren inguruan zuen jakin-mina aitagandik jasoko zuela ondoriozta daiteke eta Igeldon erositako lurretan bere jakintzak eta esperimentuak gauzatu ahal izateko aukera izan zuela.
Topografia nahiz geologia aldetik erositako lur eremu horren ezaugarriak oso egokiak ez izan arren, nekazaritzarako lur bilakatu zituen lanketa handi baten ostean eta nekazal lur eredugarri bilakatu. Bertan, nekazaritzaren garapen eta aurrerapausoak emateko asmoz, zenbait azterketa eta lanketa egiten zituen, “Etume Baserri-Eredua” sortuz. Gizon garrantzitsua izan zela ezin ukatu, hala ageri da idatzi zaharretan eta goraipamen ugari adierazten dira berak sortutako baserri eredugarri horren inguruan. Gipuzkoa zein Espainia mailan aitortua izan zen bere lana eta bertako nekazarientzat ere oso baliagarriak izan omen ziren bere lanketak eta aurrerapausoak. 1907 urtean hil zen eta hileta elizkizunak Igeldoko San Pedro elizan egin ziren, jende inportante asko inguratu omen zen, hileta garrantzitsua izanik.
Ondoren, ganadu-hiltegia
Ondorenean, Etume izeneko gune horretan ganadu-hiltegi bat egon omen zen. Ziur ez dakigu zein urtetatik hasi zen martxan, baina 1940-50 hamarkada inguruetan martxan omen zen. Aldanondo abizeneko gizon bat izan zen hiltegia kudeatu zuena, Bretxa merkatuko Aldanondo harakinen osaba. Bertan ganadu ezberdinak hiltzen zituzten (behi, txekor, zerri…) eta gero hauen haragia eta landutako produktuak (txorizoak, odolkiak…) saltzen omen zituzten Gipuzkoa osoan zehar. Iturrietako Beltxora Etxebeste txarkuteri lanetan aritu omen zen eta bere senar Benito Oiarbide banatzaile eta komertzial lanetan. Eraikinei dagokienean, alde batetik Etume etxea omen zegoen eta gero inguruan beste eraikinak: ikuilua, hiltegia, elaborazioko gunea, hotz-kamerak…
Don Jose Medikua
Hiltegia martxan egon zen bitartean, Etume etxearen ondoan ageri den dorrean, Jose Ramon Galparsoro (Don Jose Medikua bezala ezaguna herrian) eta bere familia bizi izan omen ziren. 1942 urtean etorri ziren Goierri aldetik Igeldora eta fama handiko medikua izan omen zen. Igeldo eta Antiguatik etortzen zitzaizkion gaixoak sendatzen zituen. Mediku lan ezberdinak egiten omen zituen, baita matrona lanak ere. 3 edo 4 urte inguru bizi izan ziren Igeldon eta gero Antiguara jaitsi eta Matia kaleko etxean kontsultak pasatzen jarraitu zuen. Geroztik Ameztin bizi diren Galparsorotarren senidea zen.
Gaurko Etume
Gaurko Etume, berriz, 1970 urtean eraiki zen eta Joxe Azurmendi izan zen promotorea beste batzuen laguntzarekin. Ordura arte beste familia batzuk ere bizi izan omen ziren Etumeko etxean.