Marlaskak uko egin dio Mikel Zabalzaren kasuko dokumentuak desklasifikatzeari
Aitor Estebanek, EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, Fernando Grande-Marlaska barne ministroan interpelatu du asteazken goizean, eta Mikel Zabalzaren kasuko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dio. Ministroak, ordea, nabarmendu du auzitegien esku dagoela Zabalzaren kasua argitzea, eta ez Espaniako Gobernuaren esku: “Ikerketa judiziala luzea eta zorrotza izan da, eta orain aztertu beharko da kasua ireki behar den edo ez”. Edozein kasutan, ez du dokumentuak desklasifikatzeko asmorik agertu, eta bukaeran adierazi du soilik desklasifikatuko lituzketela auzitegiek hala eskatuko balute”.
Auzitegiek 2010ean itxi zuten Zabalzaren kasua, eta oraindik ez du inork ordaindu bere heriotzarengatik. Gainera, bertsio ofizialak dio Donostiako Tranbia Konpainiako gidari izandako Altzako bizilagunak Endarlatsa (Nafarroa) inguruan ETAren zulo bat egiaztatzen ari zirenean ihes egin zuela, Bidasoa ibaiara erori zela eta han ito zela. Duela aste batzuk, gaiak gaurkotasuna hartu zuen, CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) Luis Alberto Peroteren eta Enrique Rodriguez Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko kapitainaren arteko elkarrizketaren grabazioarekin.
Grabazioaren inguruan, zera adierazi du Grande-Marlaskak: “Audioaren berri izan dugu, baina ez edukiaren berri, aurretik agertu zelako eta aintzat hartua izan zelako”. Esteban dokumentuen desklasifikazioarekin tematu da: “Zuk zerbait egin dezakezu, gobernua premiatu dezakezu dokumentuak desklasifikatzeko. Ireki dokumentuak”. Bestalde, “gobernuan bertan galdetu behar duzu”, gaineratu du Estebanek, Margarita Robles defentsa ministroari erreferentzia eginez, 1990ko hamarkadan barne ministerioko goi kargu bat izan zuenez, Intxaurrondoko kuartelarekin eta Galindorekin harremana izan zuelako.