Easoko tren geltokiko bizikleten aparkalekua Dbizi Parking sarean sartuko dute
EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak Dbizi Parking sarearen inguruko zuzenketa bateratua aurkeztuko du datorren asteko udalbatzarrean. Zehazki, Easo plazako Topo geltokian dagoen bizikletentzako aparkalekua sare horretan sartzea proposatuko dute.
“Egia da azpiegitura horrek denbora daramala hutsik eta erabilerarik gabe. Gure ustez, ez ditugu alferrik galdu behar. Horregatik, autobis geltokian eta Amara Plaza hotelaren ondoan dauden bizikletentzako aparkalekuen zerbitzu bera eskaini ahal izatea proposatzen dugu. Izan ere, Dbizi Parking sarearen barruan daude, kudeaketa publikoarekin”, adierazi du sozialisten bozeramaile Marisol Garmendiak.
Udalbatzarreko zuzenketaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailarekin harremanetan jartzea proposatuko dute, Euskotreneko geltokiaren eskumena haiena delako.