Jon Olarra eta Ainhoa Mujika preso donostiarrak Logroñora hurbilduko dituzte
Espainiako Espetxe Erakundeek beste bost euskal preso lekualdatuko dituztela iragarri dute, tartean bi donostiar: Ainhoa Mujika Goñi eta Jon Olarra Guridi EPPK-ko zuzendaritzako kideak. Ez dituzte Euskal Herriratuko, baina Logroñora (170 kilometro) hurbilduko dituzte. Gaur egun, Granadan daude (Andaluzia, Espainia, 855 kilometro). 2002an atxilotu zituzten Frantziako Estatuan, eta ordutik daude kartzelan. Ostiraletan egin ohi dute iragarpena, baina bihar jai denez Espainiako Estatuan, ostegunera aurreratu dute.
Olarraz eta Mujikaz gain, Iñaki Garces Beitia, Arkaitz Goikoetxea Basabe eta Mikel Izpura Garcia ere gerturatuko dituzte, eta Gorka Palacios Aldai Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro) Estremerara (Madril, 520 kilometro) eramango dute. Beste hiruei dagokienez, Garces da Euskal Herriratuko duten bakarra, Zuerako espetxetik (Aragoi, Espainia, 245 kilometro) Basaurira ekarriko baitute (Bizkaia). Bestalde, Goikoetxea Villenan dago (Herrialde Katalanak, 700 kilometro), eta Logroñora eramango dute, Olarrarekin eta Mujikarekin batera. Azkenik, Izpurua Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro) Zuerara (Aragoi, Espainia, 245 kilometro) eramango dute.