Antondegi berdea eta babestua
Olatu artifiziala mendian, itsasoa ondoan izanda, balio naturalez beteriko landa eremuan. Txantxa dirudiena ez dadila ametsgaizto bilakatu. Antondegi Donostiako gerriko berdearen parte da, eta biodibertsitatearen gordailua dugu. Horregatik, berdea eta babestuta nahi dugu.

Inozenteen eguna edo horren bueltan izango zen berria entzun genuenean, eta txantxa zelakoan barre egin genuen, gustura gainera. Berehala aldatu zitzaigun, ordea, aldartea serio proposaturiko proiektua zela jakin genuenean. Bromarik ez, Donostiako gerriko berdearen zati garrantzitsu bat arrisku bizian zegoen eta. Antondegiko gaina, oraindik baserri inguruko landazabala ongi gordetzen duen hori, olatu artifizialak sortzeko faktoria bertan ezartzeko proiektuak mehatxupean jartzen zuen.
Kasko hartatik itsasoa ederki ikusten da. Zentzurik al du horrelako egitasmoak hiru hondartza dituen hirian? Nola liteke, itsasotik, eta olatuen indarretatik hain zuzen ere, argindarra sortzeko zentralak eraikitzen ari den unean bertan, eta energia iturri gisara bideratzeko ikerketa sakonak garatzen ari den momentuan, hemen energia xahutu nahi izatea olatuak sortzeko? Askori, gure inguruko gehiengo zabalari behintzat, ulertezina zaigu. Horregatik, gizarte eragile ezberdinak elkartu gara aurreko astean aurkeztu genuen kolektiboan: Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan.
Biodibertsitatearen gordailu
Antondegi oraindik landa eremua da, eta baserri kutsua antzematen zaio. Donostian, baserriak galbidean dauden honetan, gelditzen zaizkionak zaindu beharko lituzke, galzorian dauden fauna eta flora espezieak bezalaxe, eta inguru hartan badabiltza mehatxatutakoen zerrendan ageri diren hainbat; miru gorria kasu. 120tik gora hegazti mota ezberdin behatu dira hango gainetan; datu ikaragarria. Horietako batzuk migrazioan, beste batzuk negua gure artean igarotzen dute edota ugaltzera datoz; miru beltzak, esaterako. Badira, ordea, egoiliarrak direnak eta urte osoan hemen ditugunak: belatza, hontza handia eta miru gorriak. Azken hauek galtzeko arriskuan daude, eta dozenaka pasean ikusten baditugu ere, gutxi batzuk gelditzen dira egonkor, eta are gutxiagok egiten dute habia. Ugaztunekin ere sor eta lor gelditu gara berdegune hartan biltzen direnekin: azeriak, azkonarrak, erbinudeak, lepazuriak, katajinetak, katagorriak, trikuak, muxarrak… eta basakatua!
Landazabala oso aberatsa den eta zoritxarrez gero eta urriagoa den sistema da. Zelaiak eta basotxoak uztartzen dira, eta han-hemenka heskai natural edo hesi berdeak ageri dira. Habitat anitzen arteko muga horiek bereziki dibertsoak dira bizidunetan. Landazabala Donostia inguruko gerriko berdean pilatzen da, batik bat, eta, oro har, desagertzen doa baserriekin batera. Auditz Akular, Lau Haizeta, Belartza goikoa-Unanue eta Antondegi bezalako gainetan mantentzen da. Non gelditzen dira, bada, zelai zabal horiek eta inguruko mosaiko konplexua? Antondegi bezalako kaskoetan.
Migrazioan zeruan ikusten ditugun amiamoko zuri eta beltzak, kurriloak edota hemendik gertu hain ezohikoak diren basoilo handiak Donostian atsedena hartzekotan, non geldituko ote dira? Baietz asmatu non ikusi diren! Kasualitatea ote? Paisaia ederra, baina are zoragarriagoa oraindik gordetzen dituen balio naturalak. Eta espezie handi horiek, hegazti harrapakari eta ugaztun haragijale ugari barne, han bizi, ehizatu, elikatu edo atseden hartzen badute azpiko guztiak ongi dauden seinale izango da. Ekosistema aberats hori galduko dugu horrelako proiektu txoro batengatik?
Gerriko berdearen garrantzia
Ezin dugu naturagune gehiagorik galdu. Ez dezagun artifizializatu gelditzen zaigun landazabala. Kontserba dezagun landa eremua eta ez ditzagun berdeguneak « uharte berde» bilakatu. Biodibertsitateari eutsiko badiogu, eremu natural horiek haien artean lotzen dituzten korridore berdeak behar ditugu, eskualde mailakoak baina udalerri mailakoak ere bai. Donostiak bere gerriko berdea behar du eta hura, zein gordetzen duen dibertsitate biologikoa, kontserbatzeko eta babesteko ardura du. Agintariek bestelako obrak eta proiektuak bultzatzeko eta defendatzeko erakusten duten kemena aipaturiko azpiegitura berdeak sustatzeko jar dezatela. Orain da unea ditugunak blindatzeko, kaltetutakoak berreskuratzeko eta lotura berdeak babesteko, eta ez daudenak eraikitzeko.
Hasieran argi gelditu ez bada, olatu artifizialen faktoriak ez du zentzurik, are gutxiago itsaso ondoan eta enpresak berak Aizarnazabalen beste bat edukita, hain gertu. Lurzoru publikoa pribatuen zerbitzura jartzea interes orokorraren gainetik ez da zilegi, baina gelditzen zaizkigun naturagune urrietako batean jarri nahi izatea larria bezain kezkagarria da. Egitasmoa jasangarria dela saldu nahi izango digute, baina berdegune baten artifizializazioaren kontura bada, ez da sekula iraunkorra izango. Antondegi landa eremua da eta Donostiako Plan Orokor berriak hala jaso beharko luke hango balore naturalak babestuz. Gerriko berdearen parte bat da, berezko balio naturala duena eta lotura puntu garrantzitsua korridore gisa. Horregatik babestuta nahi dugu. Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan.