Harresi zaharra taberna bateko sotoan
Barandiaran tabernaren jabe berriek Erdi Aroko harresi zaharra aurkitu zuten joan den astean, sotoko paretak botatzen ari zirela. Ezustekoa Arkeolan elkarteko kideentzat, aurrerago zegoela uste baitzuten, eta ez daude ziur harresiaren zati bat den.
Erdi Aroko Donostiara bidaia egin dute Barandiaran tabernako jabe berriek eta Arkeolan elkarteko arkeologoek. Garai batean Donostia babesten zuen harresia hobeto ezagutzeko aukera ireki du aurkikuntza honek.
Arkeolan elkarteko Zohartze Galanekin eta Ancora elkarteko Eneko Oronozekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak, aurkikuntza honen inguruan gehiago jakiteko. Galanen esanetan, nahiko ezustekoa izan da Barandiaran tabernaren sotoan Erdi Aroko harresi zaharra topatzea. Izan ere, Arkeolaneko kideek bazekiten harresi zaharrak inguru horretan egon behar zuela, baina aurrerago zegoela uste zuten: «Harresiaren plano zaharrak ikusita, bagenekien harresiak inguru horretan egon behar zuela, baina Bulebarrean sartuagoa egongo zela uste genuen. Hala ere, duela urte batzuk trazatu hipotetikoa egin genuen, eta Barandiaran tabernatik oso gertu egon zitekeela pentsatu genuen».
1,5 metroko altuera eta hamar metroko luzeera du aurkitu duten harresiaren zatiak. Ez da mota honetako aurkikuntza egiten den lehen aldia. Izan ere, Alderdi Ederreko eta
Bulebarreko aparkalekuen eraikuntza lanetan babeserako horma sendo hauek aurkitu zituzten.
Donostiako harresiak
1180. urtean Nafarroako Antso VI.ak Donostia hiri izendatu zuenetik, defentsarako azpiegiturak izan ditu udalerriak. Gaztelu batetik hasita, azpiegitura hauek indartzen joan ziren mandatariak, gaur egun Parte Zaharra esaten dioguna babesten zuen harresia eraiki arte.
Lehen harresia altua zen, eta ez oso lodia. Dorre laukiak eta zilindrikoak zituen, defentsarako, eta zazpi ate zeuden. Lau ate harresiaren hegoaldeko aurpegian zeuden, eta gaur egun ezagutzen ditugun Kale Nagusira, San Jeronimora, Narrikara eta San Juan kaleetara ematen zuten sarrera. Urteen poderioz, harresira atxikita etxeak eraiki zituzten. Eraikuntza hauek eta harresiaren egoera tamalgarria zela eta, kanporago beste harresi modernoago bat eraiki zuten. Izan ere, harresi zaharra ez zen hain eraginkorra, eta armaden modernizaziora egokitutako harresi berria eraiki zuten.
Harresi berria, 1516an eraikia, aurrekoa baino baxuagoa zen, hamasei metrokoa, eta aldapa zuen aurrean, harresia bota ezkero erasoa gelditzeko. Bestalde, kanpoaldean hainbat gotorleku zituen, etsaien erasoak moteltzeko. Lodiera ere hamasei metrokoa zuen harresi berriak, zaharrak baino gehiago.
Harresi berri honen eraikuntzak bi hormen artean eraikin berriak egitea ahalbidetu zuen, hegoaldean eta mendebaldean, batez ere.
Horma berriaren kanpoaldean defentsarako beste hainbat eraikuntza zeuden: errabelinak, zuloak, Kubo Inperiala eta Santiagoko eta San Felipeko bastioiak, esaterako. Donostiako Setioaren ostean, hiria gotortzeak zentzurik ez zuela ikusi zuten, eta 1863. urtean guztiz eraitsi zituzten harresiak.
Plaza Zaharra
Bulebarra ez da zuzen-zuzena; izan ere, Oiartzun opildegiaren eta Guante Varadé arropa dendaren artean barrurago daude eraikinak. Barruti honetan plaza bat zegoen lehen, Plaza Zaharra izenekoa.
Ancora elkarteak emandako informazioaren arabera, Kale Nagusiaren eta San Jeronimo kalearen arteko azken blokeak, Jauregiondo izenekoak, oso forma ezberdina zuen 1813ko setiora arte. Etxadiaren hegoaldeko aurpegia, Plaza Zaharrera ematen zuena, diagonalean zegoen, oso forma irregularrekoa zen. Hasiera batean bi harresien artean baratzeak zeuden, baina denboraren poderioz garaiko donostiarren eguneroko bizitzan garrantzitsu bihurtu zen plaza izatera igaro zen.
1813an ingelesek Donostia setiatu eta 600 etxeetatik 564 erre ostean, Ugartemendia arkitektoak plano berriak aurkeztu zizkion Estatuko Lehen Idazkariari. Proiektu honetan, Jauregiondo etxadia zuzendu zuten, Plaza Zaharraren iparraldeko aurpegia lautuz. Berrikuntza honen ostean, gaur egun ezagutzen dugun itxura hartu zuen etxadiak.