Etxebizitza eskubidea bermatuko duen legearen beharra aldarrikatu dute Donostian
Iniciativa Ley Vivienda plataformaren deialdiarekin bat eginez, hamarnaka herritarrek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute Donostian. Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren delegaritzaren aurrean hasi dute mobilizazioa eta Erdialdeko kaleetatik egin dute manifestazioa, Bulebarrera heldu arte. Bidetik, askotariko aldarriak entzun dira, hala nola, Etxebizitza eskubidea da.
Manifestazio guztian segurtasun distantziak mantendu dituzte manifestariek, eta gauza bera egin dute Bulebarrera heltzean, manifestuaren irakurketa entzuten zuten bitartean. Irakurketan, Espainiako Estatu osoan aplikatuko den etxebizitza lege baten beharra aldarrikatu dute, “legeak etxebizitza pertsonen eskubide unibertsal gisa onartu dezan, eta inork kalean bizi behar ez izan dezan”. Era berean, legearen bitartez “espekulatzaileen eta errenta handienei mesede egiten dien fiskalitatearekin amaitzeko” eskatu dute.
Datu batzuk ere eman dituzte: “Gaur egun, Espainiako Estatuan 32.000 pertsona daude etxerik gabe, hamabi milioi pertsona gizarte bazterketa jasateko arriskuan daude eta 2008tik milioi bat pertsona baino gehiago etxegabetu dituzte. Etxebizitza gizarte arazoa da gaur egun, pandemiak espekulazioa eta parke publikoen urritasuna areagotuta. Hiru pertsonatik batek diru-sarreren %40 baino gehiago etxebizitzarako eta oinarrizko horniduretarako bideratu behar du, gazteek ezin dute emantzipatu ahal izateko moduko etxerik eskuratu eta pentsiodun askok irisgarritasun arazoak dituzte euren etxebizitzetan”. Horrek ondorio larriak dituela nabarmendu dute: “Ez da onargarria pertsona batzuk infraetxeetan bizitzera, hutsik dauden etxeak okupatzera edo kalean lo egitera behartuta egotea, ezta ere alokairu kontratu bat eskuratzeko baztertuak izatea arrazakeriagatik edo lanpostu prekario bat izateagatik”.
“Euskadin, bost urte pasa dira etxebizitza legea onartu zenetik, baina ez da garatu eta ez da aplikatu. Ez da kasualitatea jaurlaritzako gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk Espainiako Kongresuan alokairu espekulatiboak kontrolatuko dituen etxebizitza legearen aurka agertzea”, gaineratu dute. Horrela, azpimarratu dute mobilizazioan parte hartu duten eragileak ez daudela prest egoerak bere horretan jarraitzeko, eta mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.
Jarraian, hedabide honek manifestazioan egindako argazkien bilduma: