Kondairak eta mitologia artelanetara eraman dituzte 'Lamiak eta lloronak' erakusketan
Ongi Etorri Eskolara proiektuak Lamiak eta lloronak erakusketa inauguratu du Egiako tunelean, udalarekin elkarlanean. Antolatzaileen arabera, “Donostiako, Zarauzko, Andoaingo eta Ordiziako margolarien eta hainbat jatorritako bizilagunen arteko elkarrizketa bat” da erakusketa, izan ere, lanen egileek bizilagunek kontatutako kondairak eta istorio mitologikoak izan dituzte inspirazio iturri. Erakusketa apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai.
“Kultur aniztasuna eta kulturarteko harremanak ikusaraztea eta baliostea” du helburu erakusketak, “artearen bidez bizikidetzarako zubiak eraikitzeko”. Hain zuzen, besteak beste, Kubako, Hondurasko, Txinako, Euskal Herriko, Saharako, Errumaniako, Kolonbiako, Venezuelako, Marokoko eta Senegalgo kondaira edo pertsonaia mitologikoetan inspiratutako lanak daude erakusketan.
Aipatu lau herrietako bizilagunek euren ama hizkuntzan kontatu ditu obrak, eta bakoitzaren azpian dagoen oharrean irakur daiteke kontaketa. Era berean, QR kode bat ahalbidetu dute, kontaketak hainbat hizkuntzatan entzun ahal izateko.