Parte Zaharrean Aske plataforma sortu dute, auzoko "gertakari errepresiboen aurrean, elkartasuna antolatzeko"
Parte Zaharreko bizilagunek Parte Zaharrean Aske plataforma aurkeztu dute larunbat eguerdian Trinitate plazan, auzoko auziperatuekiko “elkartasuna antolatzeko” helburuarekin. Abenduan eta urtarrilean Parte Zaharrean izandako istiluen ondorioz sortu dute plataforma: “Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, abenduaren 12tik aurrera, pandemiaren segurtasun neurriak aitzakiatzat hartuz, poliziak hamaika arazo eta istilu sortu zituen Donostiako Parte Zaharrean”.
Nabarmendu dute polizia izan zela “egunez egun auzoa militarizatu, gazteak inpunitate osoz jazarri eta istiluak sortu zituena”, eta gertakariek “ondorio larriak” izan zituztela: “Hamarnaka pertsona jipoitu eta zauritu zituzten eta poliziaren partetik jazarpena eta mehatxuak eta identifikazio eta miaketa arbitrario ugari izan ziren. Horiez gain, atxiloketak, tratu txarrak, epaiketak, muntaia polizialak eta zigorrak ugari izan ziren”.
Horrela abenduaren 12tik urtarrilaren 24ra, hainbat istilu medio, poliziak “gutxienez hamasei pertsona atxilotu zituen, beste asko idetifikatu zituen eta hamarnaka kolpatu zituen”, Parte Zaharrean Askekoen arabera. Gainera, azpimarratu dute atxilotuetako askok “zigor handien arriskua duten epaiketak” jasan beharko dituztela. Era berean, hainbat atxiloturi salaketa larriak jarri dizkietela nabarmendu dute, eta “akusazio faltsuak onartzeko presioak” jasan dituztela, “hainbati haienak ez ziren objektuak” sartu nahi izan dizkietela, “atxiloketa ugari neurrigabeko jipoiekin” gertatu direla, poliziak “bizilagun asko mehatxatu” dituela, “atxilotuen eskubide zibil eta politikoak zalantzan” jarri dituztela eta polizia “atxilotuen kontra isekaz eta harrokeriaz” aritu izan dela. Hedabide honek Parte Zaharrean aste horietan gertatutakoaren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen urtarrilean, hainbat eragilerekin hitz eginda.
Horregatik guztiagatik, auziperatuekiko elkartasuna antolatzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, eta horren emaitza da Parte Zaharrean Aske plataforma irekia: “Parte Zaharrean aske ibili nahi dugulako, antola dezagun elkartasuna”. Herritarren laguntza ere eskatu dute: “Dei egiten dugu gaiaren inguruko informazio edo testigantzarik duen edonor gurekin harremanetan jartzera, pzaske@riseup.net helbide elektronikora idatzita edo sare sozialen bitartez”. Horretaz gain, gogoratu dute epaiketen kostuei aurre egiteko erresistentzia kutxa sortu dutela nabarmendu dute, eta herritarrak ES 17 1550 0001 2000 0922 9329 kontu korrontean ekarpenak egitera deitu dituzte. Era berean, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak kamisetak jarri ditu salgai, helburu berarekin; azgazteak@gmail.com helbidera idatzita eskuratu daitezke.