%93ko okupazioa izan dute aurtengo Dferiako arte eszenikoen emanaldiek
4.300 pertsona baino gehiago gerturatu dira XXVII. Dferiara; 28 ikuskizun eta 41 emanaldi egin dituzte, eta bataz beste %93ko okupazioa izan dute. Datu hauek oso positiboki baloratu ditu Donostia Kulturak; izan ere, osasun larrialdiak sortutako egoera berezi honetan 4.300 pertsona erakartzea “pozik egoteko modukoa” dela adierazi dute, eta uneoro ikusle zein artistentzat “ingurune segurua” bermatu dutela gehitu dute.
Ikuskizunen %64a estreinaldiak izan dira; bestalde, ikuskizunen erdiak dantzak izan dira, eta %39a antzerkiak. Gainontzekoak diziplina anitzak izan dira. Euskal Herriko eta Espainiako Estatukoak dira ikuskizunak egin dituzten konpainia gehienak, baina Errusiakoak, Japoniakoak, Argentinakoak, Frantziakoak, Portugalgoak eta Erresuma Batukoak ere izan dira.
Gaur egungo gai nagusiak landu direla ere azpimarratu dute: “Gizarte, politika eta genero arazoak landu dira, eta literatura klasikoko lan batzuk egokitu dira arte eszenikoetara”, adierazi dute. Datorren urteko Dferia martxoaren 14tik 17ra izango dela aurreratu dute.