San Telmo Museoak 'Urgullen magalean' erakusketaren bisita birtuala prestatu du
Hedapena handitu eta publiko berriengana iristeko helburuarekin, San Telmo Museoak Urgullen magalean erakusketaren 360º gigapixel bisita birtuala prestatu du. San Telmok bere eduki digitalak indartzeko egindako apustua da, batez ere pandemia garaian, eta bisitariei aretoetara joaten direnen antzeko esperientzia eskaini nahi die online.
Second Canvas teknologia da erakusketa birtualerako erabili dutena. Museoak aurrez erakusketa iraunkorreko lanen aukeraketa batekin erabili zuen. Oraingoan, grabatuen erakusketa sarera eramateko eta pertsona gehiagorentzat eskuragarri jartzeko balioko du.
Bisita birtual honetan, 360º digitalizazioari esker aretoetan zehar ibiltzeaz gain, askotariko multimedia-edukiez goza daiteke, hala nola bideoak edo Second Canvas formatuko lanak (super-zoom, multimedia-narratibak, etab., xehetasunez aztertzeko). Museoaren webgunetik nahiz Second Canvas-San Telmo Museoaren aplikaziotik sar daiteke proposamenera, eta bisita librea eta gidatutako tourra eskaintzen ditu. Euskaraz zein gaztelaniaz egin daiteke.
Bi aukera
Bisita librea da lehen aukera, bakoitzak bere erritmoan egin dezakeena, areto batetik bestera igaroz. Espazio bakoitzean, posible da gela horretan aurkezten diren grabatuetara hurbiltzea eta haietatik aldentzea, edo, bestela, hautatutako lanen batean klik egitea xehetasun handiagoz ikusteko, bereizmen oso altu baten bidez eta azalpenekin lagunduta, obra jakin horri buruzko informazioa zabaltzeko, bai testu-formatuan, bai audio formatuan.
Bisita gidatua da bigarren aukera. Bisita mota hori aukeratuta, hasieran klik egingo dugu, eta tarte batetik hurrengora igaroko gara, gidatutako ibilbidea jarraituz. Bertan, gidatzen gaituen pertsonaren ahotsak erakusketa aurkeztuko digu, eta 360º irudia, berriz, aretoetan eta obretan zehar aurrera eginez mugituko da.
Bi kasuetan, bisita amaitzeko, lau artista gaztek egindako lanak aurkezten diren espaziorako prestatutako bideo bat eta grabaturako erabilitako zenbait material daude. Bisita gidatu horri esker, erakusketa online zabalik egon daiteke nahi den denbora guztian, eta, gainera, munduko edozein tokitatik eskura daiteke, urruneko publikoetara iristeko aukerarekin. Gainera, plataformak aukera ematen du museoaren ohiko jarduerak online egiteko, hala nola taldeen bisita gidatuak edo eskola bisitak.