19 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 138,71koa da gaur, eta goranzko joera mantendu da. Sei osasun eremutan egin du gora intzidentzia metatuak, eta Bidebietan eta Egian behera egin du.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 19 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Horrela, intzidentzia metatua 138,71koa da gaur. Hainbat astez intzidentzia metatuak behera egin badu ere, martxoaren 12an joera aldatu eta gora egin zuen. Joera gorakorra mantendu da ordutik hona. Izan ere, 134,33koa zen atzo intzidentzia metatua, eta 111,30ekoa ostegunean. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Txertaketa prozesuari dagokionez, 80 urtetik gorako pertsonak eta hezkuntzako langileak COVID-19aren aurka txertatzen hasi ziren duela bi aste Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, 55 urte baino gutxiagoko pertsonen kasuan, hainbat kolektibori txertoa jartzen hasi zaizkie. Duela hilabete 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta duela hiru aste 90 urtetik gorakoekin hasi ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion duela hiru aste, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen ari dira han. Bestalde, Illunbez gain Anoeta ere txertaketa gune izatea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bestalde, martxoaren 9tik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Era berean, Aste Santuan debekatua egongo da autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna. Martxoaren 10ean hartu zuen erabaki hori Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin batera, eta etxeratze agindua 23:00etara luzatzea ahalbidetu dute.
Intzidentzia osasun eremuka
Sei osasun eremutan egin du gora intzidentzia metatuak: Aieten, Ondarretan, Intxaurrondon, Grosen, Amara Berrin, Altza-Rotetan eta Parte Zaharrean. Bidebietan eta Egian behera egin du intzidentzia metatuak, eta Amara-Erdialdean eta Loiolan berdin mantendu da:
- Aiete: 176,48
- Bidebieta: 166,50
- Intxaurrondo: 157,73
- Ondarreta: 155,59
- Amara-Erdialdea: 139,55
- Gros: 124,95
- Amara Berri: 119,99
- Altza-Roteta: 112,27
- Egia: 87,92
- Parte Zaharra: 86,71
- Loiola: 54,51
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 6
- Altza-Roteta: 3
- Aiete: 2
- Ondarreta: 2
- Gros: 2
- Intxaurrondo: 2
- Parte Zaharra: 1
- Egia: 0
- Bidebieta: 0
- Amara-Erdialdea: 0
- Loiola: 0