Asteazkenean ekingo diote berriz AstraZeneca txertoa jartzeari
Osakidetzak hilaren 15ean utzi zion koronabirusaren aurkako AstraZeneca txertoa jartzeari, hainbat tronbo kasurekin harremana ote zuen ikertzeko. Hainbat azterketa egin ondoren, ordea, Sendagaien Europako Agentziak berretsi du Oxford unibertsitateko txertoa “segurua eta eraginkorra” dela. Horregatik, Espainiako Estatu osoan txertaketa prozesuari berriz heltzea erabaki dute, eta Osakidetzak asteazkenean berreabiaraziko du txertaketa.
Orain arte, 55 urtetik gorakoak ari ziren AstraZenecako botikarekin txertatzen, baina 65 urtetik gorakoei ere jarriko diete hemendik aurrera, AstraZenecak AEBetan egindako probaldi batean egiaztatu baitute txertoak %80tik gorako eraginkortasuna duela 65 urtetik gorakoetan. Lehenengo dositik bigarrenera hamar eta hamabi aste artean igaro behar dira, eta Osakidetzak 37.090 dosi ditu gordeta Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren dosia jartzeko.
Donostian, Illunben dabiltza AstraZenecaren txertoarekin hezkuntza arloko langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatzen, eta Anoetan ere Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte langileak inmunizatzeko asmoa agertu zuen duela aste batzuk aldundiak berak.