Irlako itsasargira doan bidea konponduko dute
Donostiako Udala datozen egunetan hasiko da Santa Klara irlako itsasargira doan bideko konponketa lanak egiten, Cristina Iglesiasen itsasargiko Hondalea eskultura inauguratzen dutenerako –ekainerako– prest egon dadin. Hain zuzen, maiatzerako bukatzea aurreikusten dute, eta udalak 180.000 euroko inbertsioa egingo du bidea konpontzeko.
Miguel Angel Diez Hiri Mantenimenduko zinegotziak lanen nondik norakoak azaldu ditu: “Itsasargira doan bideari lehen zuen itxura ematea da helburua, izaera landatarra ematen zioten harriak eta harlauzak berreskuratuz. Horregatik, ia bide osoa berregin beharko dugu”.