La Rekba talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu du
La Rekba punk rock talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu berri du, taldearen izen berekoa. Zazpi hazbeteko diskoa da, eta Bancamp eta Badok atarietan entzungai dago dagoeneko. Lau abestik osatzen dute lana: Orwell, Dantzalekuan, Bilatu & suntsitu eta Metamorfosia. Disko fisikoa taldearekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke, baita Amara Berriko Skizo saltokian eta Ttan Ttakun irratiaren zigiluarekin harremanetan jarrita ere.
Txorroskilo taldean aritutako Unai Azpirozek (bateria), Jon Iriartek (baxua eta ahotsa) eta Jaime Alvarezek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute La Rekba, eta Txorroskilok bere ibilbidea amaitzearekin batera sortu zuten talde berria. 2020ko ekainean grabatu zuten EP-a, Arrasateko Shot! estudioan. Grabaketa lanetan Ander Barriuso aritu zen, eta nahasketa eta masterizazioa Iñaki Bengoak egin ditu. Era berean, Mal-Mai Records, Irrintzi Diskak, Skizo Diskak, Ttan Ttakun Irratia, Producciones Tudancas eta La Gramola distri eragileek ere diskoan parte hartu dute.