Udalak bi plaka jarriko ditu Enrique Cuestaren eta Antonio Gomezen omenez
Datorren larunbatean, hilaren 27an, Donostiako Udalak Enrique Cuesta eta Antonio Gomez omenduko ditu. Comandos Autonomos Anticapitalistas taldeak 1982an egindako atentatu batean erail zituen. Hauekin hamaika izango dira udalak terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko egitasmoaren barruan jartzen dituen plakak.
Plaka jartzeko ekitaldia 12:00etan egingo da Antso Jakituna hiribideko 22. zenbakian, eta plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den antzera, omenaldi xumea egingo da. Eneko Goia alkateak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian.
Enrique Cuesta Jimenez, 54 urtekoa, eta Antonio Gomez Garcia, 24 urtekoa, 1982ko martxoaren 26an suzko armaz egindako atentatu baten ondorioz hil ziren. Cuesta Telefonicako ordezkaria zen Donostian eta momentuan hil zen. Gomez, aldiz, polizia nazionala eta Cuestaren eskolta zen, eta bost egun geroago hil zen.
Orain arte pertsona hauek oroitzeko plakak jarri ditu udalak erail zituzten tokietan: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Díez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia González, Gregorio Ordoñez, Francisco Martin Gonzalez eta Fernando Mugica Herzog, eta Begoña Urroz Ibarrola.