Donosskino jaialdirako film laburrak aurkezteko epea ireki dute
Kristonkino ikus-entzunezkoen kolektiboaren V. Donosskino film laburren lehiaketa urrian egingo dute, baina lanak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko. Uztailaren 31ra arte ahalko dira filmak bidali, Festhome eta Film Freeway plataformen bidez. Jaialdiaren webgunearen bidez aipatu plataformetara sartu daiteke, baita parte hartzeko baldintzak kontsultatu ere.
Euskal Herriko ekoizpenek ez dute kuotarik ordaindu behar izena emateagatik, baina nazioartekoek 3 euro ordaindu beharko dituzte ekainaren 30era arte. Uztailean aurkeztuz gero, kuota 5 eurokoa izango da. Kristonkinokoek jasotzen dituzten lan guztiak aztertuko dituzte, eta jaialdian parte hartuko dutenak hautatuko dituzte. Jaialdiak bost sail izango ditu: film labur onenarena, gidoi onenarena, interpretazio onenarena, Euskal Herriko film labur onenarena eta ikusleen saria.
Kuoten bidez, irabazleek eskuratuko dituzten sarietarako dirua bilduko dute, guztira 3.000 bideratuko baitituzte sarietara.