Euskal presoei ongi etorriak ez egiteko erakunde adierazpena sinatu dute Elkarrekin Podemosek, EAJk, PPk eta PSE-EEk
Bizikidetzaren bidean, “ETAko presoei omenaldi publikoak” egitea onartezina dela uste dute lau alderdiek; horma irudi, pintaketa eta pankarten bidez oroitzea ere gainditu beharreko ekintzak direla gaineratu dute. Urruntzeko espetxe politika kritikatzea eta presoak hurbiltzeko aldarriak “guztiz zilegiak” direla ere esan dute, baina horrek jendea hil duten pertsonen irudiak omentzea arrazoitzen ez duela gehitu dute.
Presoak omentzen dituztenak ere seinalatu dituzte: “Gure iritziz, gure bizikidetzaren indarra urte batzuk barru neurtuko da, baina badakigu gaur bertan ez dagoela gerorako uzteko zereginik. Biktimagileak aintzat hartzeak eta espazio publikoan egoteak agerian uzten dute gure gizartearen zati batean gabezia handia dagoela, hau da, oraindik ez duela onartu indarkeriaren deslegitimazio soziala”.
Bestalde, atentatuak goraipatzea eta nostalgia kriminala izatea ere kritikatu dute, bizikidetza indartzeko “bide txarra” direla arrazoituz: “Armak lurperatu ondoren, gauzarik premiazkoenetako bat gizartearen zati handi batean indarkeriaren inguruan eraikitako epika deuseztatzea da”.
Azkenik, bakeak bakearen aldeko jarrerak eskatzen dituela diote lau udal taldeek, “etengabekoak eta iraunkorrak” izan behar dutenak. Bestalde, denak etxera, presoak etxera, free them all eta maite zaituztegu bezalako esaldiak “engainagarriak” direla adierazi dute.
Hau dela eta, “Donostian ETAko presoei egindako omenaldi publikoekin” amaitzea eskatu dute erakunde adierazpena sinatu duten lau alderdiek, eta Donostiako Udalbatzak hiriko espazio publikoak bizikidetza espazioak izango direla bermatuko duela adierazi dute.