Gipuzkoako ikerlari eta doktoregaiek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte
Gipuzkoako EHUko ikerlari eta doktoregaiek elkarretaratzea egin dute Ibaetako campusean, lan baldintza hobeak eskatzeko. Haien esanetan, lan baldintza eskasak eta soldata baxuak dituzte, eta prekarietatea pairatzen dute, eta Euskal Herriko Unibertsitateari egoera honekin amaitzeko eskatu diote.
“Goi mailako formakuntzka zein ikerkuntzak, aukera unibertsal behar lukete, baina geroz eta jende gutxiagoren esku dauden aukerak dira. Ikasleen kasuan, tasen etengabeko garestitzea egoera horren erakusle garbiena da, eta, ikertzaileen kasuan, gehienok lan kontraturik gabe edo soldata oso baxuekin doktoregoa burutu beharra”, adierazi dute.
Bestalde, ikerlarien kontratuetan langile izaera ukatzen zaiela adierazi dute: “Formakuntza aldi batean gaude, bai; baina ez gara ikasleak. Ikerkuntzak etengabe formatu beharra dakar ibilbide profesional guztian zehar, baina hori ez da lan eskubideak urratzeko arrazoia”.
Ikasleen babesa
Unibertsitateko ikasleek ere babesa eman diete ikerlariei eta doktoregaiei borroka honetan, eta UIB Unibertsitateko Indar Batasunak bat egin du elkarretaratzearekin, eta lan baldintza hobeak lortzeko “antolakuntzari ekitea” aldarrikatu dute.