Marta Marugan eta Ramon Zuriarrain artisten obrak, Ekain arte galerian ikusgai
Parte Zaharreko Ekain arte galeriak 2021eko lehenengo erakusketa antolatu du, eta larunbat honetatik, hilaren 27tik, ekainaren 19ra arte egongo da ikusgai. Rita Unzurrunzagak, galeriako arduradunak, azaldu du denbora asko zeramala Marta Marugan (1964) eta Ramon Zuriarrain (1948) artista donostiarren erakusketa bat antolatu nahian, eta hala egin du azkenean. Inaugurazioa larunbatean bertan egingo dute, 11:30etik 15:00etara.
Maruganek azaldu duenez, “oihalarekin elkarrizketa bat eginez” egiten du lan: “Ez ditut obrak aurretik pentsatzen, lan egiten noan heinean ateratzen zaizkidan gauzak margotzen ditut”. Koloreari garrantzia handia ematen dio Maruganek, eta gehienetan paisaiak irudikatzen ditu: “Batzuetan zehatzagoak dira, baina beste batzuetan abstraktuagoak dira, eta nahi duzuna irudikatu dezakezu. Nire koadroetan oso ohikoa da Mediterraneoko kostaldeko paisaiak ikustea”.
“Oso lasai eta barrutik hutsik egon behar dut margotzen hasteko, eta gauza hauek ateratzen zaizkit”, gaineratu du Maruganek. Hala ere, erakusketan badago aurretik pentsatutako ideia baten gainean egindako Maruganen koadro bat, galeriaren sarreran dagoena: “Afrikako mapa irudikatu nahi nuen, eta lehenengo begiradan agian ikusten ez baduzu ere, pixkanaka ikusten hasiko zara. El río Congo du izena, eta koadro guztian Afrikari buruz hitz egiten duten hiru idazleren lanetako erreferentziak daude”. Maruganek nabarmendu du denbora behar dela artelanen xehetasun guztiak ezagutzeko. Bere lan gehienak olio-pinturak dira, baina arte grafikoa ere landu du, eta ikusgai dago Ekainen.
Zuriarrainen koadroak ez dira Maruganenak bezain abstraktuak, baina harenak bezain koloretsuak dira. Galerian sartu eta berehala, esaterako, “mozkorra egon gabe, mozkorra baten moduan margotutako koadroa” dago, figura guztiak nolabait errepikatuta baitaude; “margotzean ez nengoen mozkorra, baina ideia mozkorra nengoenean izan nuen”, gaineratu du Zuriarrainek.
Gainontzeko koadro gehienak paisaiak dira, eta Zuriarrainek sorkuntza prozesua azaldu du: “Mihisearen aurrean jartzen naiz, margotzen hasten naiz, eta koadroak behar duena eskatzen dit”. Olio-pinturak eta akuarelak aurkitu daitezke bere lanen artean.
Umorearekin ere asko jolastu du Zuriarrainek, eta erakusketan dagoen liburuan eta politikarien estanpan ikus daiteke: “Politikariek sarritan txaketa aldatzen dutenez, nik ilea aldatu diet”, azaldu du. Izan ere, munduko hainbat politikari marraztu ditu, eta orrazkerak aldatu dizkie. Liburuan, aldiz, hitz jokoak eta euren marrazkiak daude, esaterako, Leonardo Da Vinci ordez, Leonardo Da Bici idatzi du liburuan, eta Da Vinci bizikleta gainean marraztu du. Bestalde, Eneko Goia eta Ernesto Gasco politikari donostiarrei ere tartea eskaini die Zuriarrainek.
Erakusketa elkarrekin antolatu izanarekin pozik agertu dira bi artistak. “Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta erabiltzen ditugun koloreek bat egin dute nolabait; gainera, Martak oso mundu berezi bat islatzen du bere obretan”, adierazi du Zuriarrainek. “Betidanik, oso gustuko dut Ramonen obra, eta beraz, oso pozik nago erakusketa honekin. Gure lanak oso ondo gelditzen dira elkarrekin, eta gainera, Ramonen lan batzuek murrika handia dute”.
Artelanez gozatzeko modurik onena aurrez aurre ikustea da, baina galerian aurkituko duzuena ezagutzeko, hemen dituzue koadroen hainbat argazki: