Anoetan gizarte zerbitzuekin lotutako 8.000 pertsona txertatuko dituzte
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Onda Vasca irratian ostegun goizean eskainitako elkarrizketa batean baieztatu du Donostiako Anoeta estadioa ere txertaketa gune izango dela, Illunbe zezen plazaren moduan. Datorren astean hasiko dira Realaren estadioan txertoak jartzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetako 8.000 langile eta erabiltzaile txertatuko dituzte han.
Olanok nabarmendu du Anoetan “politika sozialekin lotutako txertaketa gune bat” sortuko dutela. Era berean, diputatuak klub txuri-urdinaren jarrera goraipatu du: “Espazioa utzi izanaz gain, Realak bere mediku taldea eta pertsonala utzi ere utzi dizkigu. Eskertzekoa da soilik futbolean eta Kopako finalean pentsatzeaz gain, Realak gizartearengan eta bere beharrengan ere pentsatzea”.