Groseko zenbait eragilek salatu dute udaleko idazkariak etxe turistikoen udal araudia baliatu duela bere etxebizitza bati erabilera turistikoa emateko
Groseko etxebizitzaren aldeko Saretxe elkarteak, Hondarpe auzo elkarteak eta Laia abokatu taldeak agerraldia egin dute ostegun goizean Grosen, eta salatu dute Juan Carlos Etxezarretak, udaleko idazkariak, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen etxe turistikoen udal araudiari oniritzia eman ziola, eta horren bidez, bere etxebizitza bati erabilera turistikoa eman diola.
2018ko martxoaren 1ean, Donostiako Udalak etxe turistikoak lehenengo solairutik gora jartzea ahalbidetzen zuen araudia onartu zuen, Saretxeren, Hondarperen eta Laiaren aburuz, “Plan Orokorreko 8.4 artikuluaren interpretazio trikimailutsu eta tranpatian oinarrituta”. Gerora, ordea, 2020ko urtarrilean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak araudia baliogabetu egin zuen, udal ordenantza batekin ezin direlako hirigintza erabilerak arautu, eta ezin delako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurka joan. Udaleko zerbitzu juridikoek ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu zuten, baina, berriki, Espainiako Auzitegi Gorenak helegite hori baztertu du.
“Honen aurrean, auzo elkarteko kideok geure buruari galdetu genion zenbat etxe turistiko zeuden Grosen lehenengo solairutik gora, eta zazpi topatu genituen”, azaldu du Hondarpek. Etxebizitza horiei erabilera turistikoa emateko baimena zeinek eskatu zuen galdetu zuten auzo elkartekoak, eta udalak jakinarazi zien bost enpresek eta bi norbanakok egin zituztela eskaerak. “Geure buruari egin genion hurrengo galdera izan zen ea prozedura hauek egoki tramitatu ziren eta zeinek izan zezakeen interesa etxebizitzak negoziora bideratzeko”, gaineratu dute. Horrela, eskatzaileen izen-abizenak kontsultatuz, ikusi zuten Usandizaga kaleko 11. zenbakiko seigarren solairuko eskuineko etxebizitza turistikoaren jabea Juan Carlos Etxezarreta Villaluenga dela, udaleko idazkari nagusia. Eskaera bere senide baten izenean eginda dago.
“Udaleko idazkariaren funtzioen artean dago onartzen diren arauak legearen araberakoak diren edo ez diren aztertzea, eta honen arabera, aholkularitza lana egitea. Honek ematen dio larritasuna egoera honi, Donostiako Udaleko idazkariak 2018ko martxoan oniritzia eman baitzion ondoren EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenen arabera legeak ezartzen duena betetzen ez duen udal ordenantzari”, salatu dute aipatu eragileek. Hondarpek eta Saretxek nabarmendu dute beraiek ez direla nor auziaren “ondorio juridikoak aztertzeko”, eta adierazi dute hori Laia abokatu taldearen esku utzi dutela. “Bai gara nor Eneko Goia Donostiako alkateari eta Juan Carlos Etxezarreta bertako idazkariari azalpenak eta ardurak eskatzeko”, gaineratu dute.
“Ez da kasualitatea”
Saretxek nabarmendu du idazkariaren kasua ez dela kasu isolatu bat: “Azken urteotan, gure auzoa prozesu gentrifikatzaile zein turistifikatzaile batean murgilduta egon da, eta gaur mahai gainean jartzen ari garen gertakaria horren adibide bat besterik ez da. Oraingoan, ordea, erantzuleek izen-abizen argiak dituzte”.
“Salatzen ari garenak sistema oso baten funtzionamenduari erantzuten dio”, gaineratu dute, eta erakundeek azken urteotan hartutako erabakiak kritikatu dituzte: “Etxebizitza produktu bilakatu dute, eta horrekin batera, gure auzoa ere, bata zein bestea metaketa kapitalistarako merkantzia gisa erabili dituztelarik. Hau da arazoaren muinean dagoena”. Horregatik, fenomeno horri aurre egiteko antolatzen jarraitzen dutela azpimarratu dute: “Hori da gure apustu nagusia: auzo defentsa, bizilagunak antolatzea eta elkarren artean Gros izeneko komunitate hau defendatzea”.
Era berean, elkartasuna helarazi diete “Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen alde borrokan ari direnei: martxoaren 26an Bilboko kaleetan Leonorren eta bere familiaren alde manifestatuko direnentzat, apirilaren 30ean Donostian manifestazioa antolatu duten Egia kaleko 22. zenbakiko bizilagunentzat, auzo eta herrietan dauden etxebizitza sindikatu eta plataformentzat, eta abar. Eraso espekulatzailearen aurrean elkartasuna saretuko dugu”.