"Ikastetxeetako autoritarismoa eta infantilizazioa" salatzeko greba egin dute ikasleek
Ikasle Autodefentsa Sareak eta Ikasle Abertzaleek deituta, Hego Euskal Herrian milaka ikaslek greba egin dute gaur, ikastetxeetan pairatzen duten “autoritarismoa eta infantilizazioa” salatzeko. Donostian, manifestazioa egin dute 12:30ean, Tabakaleratik hasita, eta 200 ikasletik gora elkartu dira.
Besteak beste, ikastetxeetan infantilizazioa, kontrol soziala eta antolatzeko askatasun eza eguneroko arazoak dituztela adierazi dute, eta “guztioi eragiten digun arazoa” dela azpimarratu dute: “Gu ere subjektu politikoak gara, eta biltzeko, mobilizatzeko eta kartelak jartzeko eskubidea dugu”. Izan ere, Euskal Herriko herri batzuetan “ikasleen antolakuntza eskubidea urratu” dutela salatu dute azken hilabeteetan; Azpeitin, adibidez, ikasle batzuk identifikatu zituen Ertzaintzak pankarta bat jartzeagatik, eta Mendillorrin lau ikasle kaleratzearekin mehatxatu zituzten, ikastetxean eskuorriak banatzeagatik.