Isabel II.aren hiribideko lanetan fibrozementuzko hodi zati bat modu kontrolatuan kendu beharko da
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Isabel II.aren hiribidearen urbanizazio lanek agian atzerapena izango dute. Izan ere, fibrozementuzko argiteria publikoko hodi tarte bat aurkitu dute. Material hori kentzeko tratamendu berezia eta baimendua behar da. Aurreikusitako epea 32 astekoa da.
Hodia estalita dago eta ez du oinezkoen edo obrako langileen osasunerako arriskurik sortzen gestionatzen ez den bitartean; hortaz dagokion erakundeak kendu beharko du. Prozesu horrek eragina izan dezake obraren errendimenduan, eta atzeratu egin daitezke urbanizazioa egiteko epeak, nahiz eta lanek hiribidearen hainbat puntutan jarraitu.
Isabel II.aren hiribideko 15. zenbakitik hurbil egindako laginketa baten ondorioz aurkitu zen hodi hori. Oraingoz egiaztatu ezin izan den arren, badirudi hodi hori hiribidearen luzera osoan zehar zabaltzen dela –130 metro inguru–.
Urbanizazio proiektua
Amara Berriko hiribidean egiten ari diren lanen helburua da kale guztia oinezkoentzat izatea, gune zabalagoak sortuz. Zenbaki bikoitien espaloia orain dituen 6,37 metrotik 13,55 metrotara zabalduko da egun dagoen zirkulazio bide bat kenduz. Bakoitiena ere handituko da baina neurri txikiago batean. Honek guztiak, ibilgailuek bi noranzkoetan zirkulatzen jarraitzea ahalbidetuko du.