Lan erreformen aurka mobilizatu da ELA
“Sarraskiari STOP; lan erreformak derogatu. Ez gaitzazue Madrilen saldu!” lelopean, ELAk manifestazioak egin ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Kanpaina hau Kataluniako Intersindical eta Galiziako CIG sindikatuekin batera egin du ELAk. Espainiako Diputatuen Kongresuan indarra duten tokiko alderdiei, EAJ eta EH Bilduri kasu honetan, lan erreformekin amaitzeko lanean hastea eskatu diete.
Lan erregulaziorako txostenak eta pandemiaren ostean iritsi daitezkeen kaleratze kolektiboak sahiestea lehentasuna dela adierazi dute. Bestalde, sindikatu bakoitzak bere herrialdean hitzarmenak negoziatzeko eskubidea aldarrikatu dute: “Milaka pertsonen enplegua eta bizi baldintzak jokoan daude”, esan du Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak.
Egoera zaila dela uste du Lakuntzak, eta beldur da: “Kezkatuta gaude, uste dugulako pandemiaren aitzakia erabiliko dutela enplegua prekarizatu besterik egiten ez duten erreforma hauek ez indargabetzeko”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomiko eta labora ere kritikatu dute, haien ustetan jaurlaritzak ez baitu enplegua lehenesten.