Abortuaren aurkakoak salatzeko elkarretaratzea egin dute Askabide klinikaren parean
2020ko urrian abortuaren aurkako talde bat Easo kaleko Askabide klinikaren aurrean protesta egiten hasi zen egunero, eta Amarako feministek adierazi zuten horren aurka antolatzen hasiko zirela. Hala, 40 pertsonatik gora elkartu dira gaur arratsaldean abortu-kontrakoen parean, talde honen jarrera salatzeko eta “gure gorputza gure erabakia” dela aldarrikatzeko.
Askabide klinikak abortuaren aurkakoen jarrera “tamalgarria” dela adierazi zuen otsailaren amaieran: “Zer pentsatzen dugun? Oxala ez baleude: ez hemen, ez inon”.
Apirilaren 3ra arte egongo dira katoliko sutsu hauek Askabide klinikaren parean protestan, eta Amarako feministek aurre egiten jarraituko dutela adierazi zuten otsailaren amaieran: “40 egun horietan zehar, arratsaldero beraien aurrean jarriko gara gure aldarriekin. 18:00ak aldera, ordubetez, gutxi gora-behera”.