Dbusek autobus biltokiko aparkaleku berria aurkeztu du
Eneko Goia alkateak, Pilar Arana Mugikortasun eta Garraioko zinegotziak eta Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak hartu dute parte instalazio berrien aurkezpenean. Autobus kopuruaren handitzeak behartuta egin dute handitze hau; izan ere, kotxetegi zaharrean espazio arazoak dituzte, eta autobus elektrikoen kopura igotzeak ere azpiegitura gehiago eskatzen duela adierazi dute: “139 autobus ditugu orain, eta espazio arazo larriak izan ditugu azken urteetan. 26 plazako aparkaleku berri honi esker, autobus sistema publikoak zerbitzurik onena ematen jarraituko du”, adierazi du alkateak.
6.000 metro karratuko azalera du aparkaleku berriak, eta 26 autobusak teilaturik gabe gordeko ditu, nahiz eta ibiltzeko teilape perimetrala baduen. Inguruko etxebizitzei zarata ez iristeko pantailak jarri dituzte. Aparkaleku honi esker, aparkaleku zaharrean lekua egingo da, eta han utziko dituzte autobus elektrikoak: “Autobus elektrikoek azpiegitura gehiago behar dute, eta kargatzeko sistema elektrikoak konplexuak direnez, teilatupean jarriko ditugu, kotxetegi zaharrean”, adierazi du Igor Gonzalezek.
Hamabi eta hemezortzi metroko autobusak sartuko dira aparkaleku berri honetan, eta Dbuseko zuzendari gerenteak adierazi duenez, autobusen erdiak hibrido-elektrikoak dira: “Dbusek duen flota jasangarrienetariko bat da, ingurumenaren aldetik”.
Azkenik, kotxetegiaren ondoan geratu den espazio libreari buruz galdetu diote Eneko Goiari; parke alternatibo bat egiteko proiektua zuten bertan, baina atzeratu egin zen: “Berriro hartu behar dugu gai hori; ez dakigu nola, garai batean onartu zen proiektuarekin edo beste batekin”, adierazi du.