Etumen antzina baziren nekazariak
Igeldoko Etume bidean igerilekuak eta belardi zabalak dituzten etxadiak daude gaur egun, baina XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran nekazaritza eta abeltzaintza ogibide zuten pertsonek eman zioten bizitza Igeldoren zati horri.

Nicol’s eta Gudamendi hoteletara bidean, eskuinera eginda dago Etume bidea, Igeldoko ikastolaren gainean. Oso kale motza da, eta amaierara arte ez dago etxebizitzarik. 1970eko hamarkadan hasi ziren egun bertan dauden etxadiak eraikitzen.
Juan Olasagasti Irigoien izan zen Etumen nekazaritza lanak egiten hasi zena. Nahiz eta eremua topografikoki nekazaritza jardunerako egokiena ez izan, 32 hektarea erosi zituen, eta lanean hasi zen. Bere aita, Tomas, nekazaritzaren munduan ezaguna zen, eta harengandik jaso zuen jardun honekiko pasioa.
1890. urtean egin zuen erosketa, eta lurra lantzeko zaila zen eremu hori landa oso emankor bihurtu zuen. Hala kontatu zuen Pedro Manuel Soraluzek 1923ko Euskal-Erria liburu sortan: «Gaur egun ikuspuntu topografiko eta geologikotik kaskarrak diren eremu horiek nola dauden ikusita, ohartu nintzen lur hori landu duenaren inteligentzia nolakoa den. Oasi bat da orain».
1907. urteko azaroaren 24an hil zen Olasagasti, eta Igeldoko San Pedro elizan egindako hiletara jende asko hurbildu zen; hain justu, askok ezin izan zuten sartu. Izan ere, pertsona ezaguna zen Igeldon, eta orokorrean, Gipuzkoako nekazaritzaren munduan.
Olasagastiren heriotzaren ostean, azienda hiltegi bat egon zen Etume bidean. Instalazioa abian jarri zuten data zehatza ez dago erregistratuta, baina 1950eko hamarkadan jardunean zegoen jada. Aldanondo abizena zuen gizon batek zeraman hiltegia, Bretxako Aldanondo harategiko arduradunaren osabak, hain zuzen. Ilobaren harategia hornitzeaz gain, Gipuzkoako herri batzuetara ere eramaten zituen haragikiak. Izan ere, Etumen, etxeaz gain, ukuilua, hiltegia, haragia lantzeko gunea eta izotz ganbera zeuden.