"Ez dut inoiz Reala final batean ikusi, eta bat jokatzeko aukera dut orain"
Martin Zubimendi (1999) futbolari donostiarra bere lehenengo sasoia jokatzen ari da Realeko lehenengo taldean, eta Kopa irabazita itxi nahi du denboraldia. Finala jokatzeko irrikaz dago, zale asko bezala, ez baitu inoiz mutilen taldea final batean ikusi; gainera, jokatzeko zortea izango du. Apirilaren 3ko neurketa Athleticen aurka izatea nahikoa motibazio izango ez balitz bezala, lagun batekin apustu berezia du Zubimendik.
Kopako finala iristear da dagoeneko. Gogoz zaude?
Gure mentalitatea partidaz partida joatea da, baina egia da finala gertu dagoela, eta gogo handiz gaude, noski. Realak denbora asko darama final bat jokatu gabe, eta taldean nabaritzen da finala oso gertu dagoela: egunero komentarioak egiten ditugu, eta abar.
Zer giro dago taldean?
Nire kasuan, iazko Kopan taldean egindako ibilbidea etxetik eta tabernetatik ikustea egokitu zitzaidan, oraindik ez bainengoen lehenengo taldean; zale bat gehiago nintzen. Hala ere, finalaren urtean lehenengo taldean jokatzen aritzeko zortea izan dut, eta agerikoa da taldearen ilusioa, iazko ibilbidea gogoratuz. Nik ere ilusioa handia dut, noski, gainontzeko taldekideen moduan.
Superkopatik, Europa ligatik eta aurtengo Kopatik kaleratuak izan ondoren, iazko Kopa irabaztea da aurten trofeoren bat irabazteko azken aukera.
Ez dut inoiz Reala final batean ikusi, eta bat jokatzeko aukera dut orain. Pribilegiatua naizela uste dut, lehenengo taldera igo naizen urtean final bat jokatzeko eta irabazteko aukera dudalako.
Txikitan imajinatzen zenuen Realak noizbait txapelketaren bat irabazi zezakeela?
Oso urruti ikusten nuen hori. Orain, Kopako formatu berriarekin, egia da gurearen moduko taldeek txapelketan aurrera egiteko eta irabazteko aukerak handitu egin direla. Izan ere, kanporaketa gehienak norgehiagoka bakarrekoak izanda, talde handien nagusitasuna murriztu egiten da. Horregatik, formatua aldatu zutenetik errazagoa ikusten dut Realak eta halako taldeek Kopa irabaztea.
Nola gogoratzen duzu bigarren mailako garaia?
Sufritzen! Aitarekin taberna batera joan ohi nintzen partidak ikustera, eta tentsio handia zegoen zaleen artean. Jende askok jokalariak iraintzen zituen tabernan, eta ez zitzaidan batere gustatzen giro hori. Zorionez, giroa asko aldatu da.
Agerian gelditu da diozuna, aurtengo Kopan ere lehenengo mailako hainbat talde bigarren B mailakoen aurka kalera joan baitira.
Azken finean, bigarren B mailako zelaietara joaten zarenean, eragin handia du zelaiaren egoerak, besteak beste. Horregatik, partida bakarra jokatzen denez, errazagoa da talde handiek halako zelaietan galtzea.
Aurten jokatu dituzuen beste txapelketetako finaletara heltzeko gai ikusten zenuen taldea?
Halako ametsak eta ilusioak denok ditugu, noski. Batez ere, Superkopan oso gertu ikusten genuen finala. Bestalde, Kopako kanporaketa oso gogorra izan zen, Betisek eta guk antzeko maila dugulako, eta kanporaketa izan zen modukoa izan zelako. Europa liga beste kontu bat da, nazioarteko txapelketa baita, eta zailagoa da aurrera egitea.
Finala ez da nolanahikoa: Athleticen aurka da.
Derbi berezia da, eta final berezia ere bai, argi dago. Halako partida batean berdin dio nola iristen diren bi taldeak, finala finala da, eta edozer gauza gerta daiteke. Derbia izanda, noski, are gehiago. Alde txar bakarra da zaleek ezingo dutela han egon, baina berezia izango hala eta guztiz ere.
Etxekoak zareten jokalarientzako besteentzako baino bereziagoak dira derbiak?
Bai, azken finean, etxeko jokalariok gehiago sentitzen ditugu derbiak, euskaldun guztiek bezala bizi ditugu. Athletic gure aurkaririk bereziena izan da txikitatik, eta beraien aurka jokatzean motibazio plus batekin goaz beti. Edozein derbitan gertatzen da hori, beraz, pentsa final batean.
Hemengoak ez diren jokalariei transmititu diezue derbiek duten xarma hori?
Nik uste dut kontziente direla, bai. [Alexander] Isakek, esaterako urte eta erdi darama Realean, beraz, jokatu ditu derbi batzuk eta ikusi du zer giro sortzen den eta nolakoak diren derbiak.
Athleticentzat ez da final bakarra izango, egun gutxira Bartzelonaren aurkakoa jokatuko baitute. Ez dituzte biak irabaziko, ezta?
Espero dezagun! [barrez]. Egia esan, ez dakit denbora gutxian bi final jokatzea oso ona den. Hau da, ona da bi final izatea, horrek erakusten duelako gauzak ondo egin dituzula, baina hain denbora gutxi izatea batetik bestera ez da erraza. Final bakarra duzunean, soilik partida horretan jartzen duzu fokua.
Zaleak faltan botatzen ari zarete?
Nik neuk ez dut zaleen aurrean jokatzeko aukera handirik izan. Nire debutean oraindik harmailak beteta egoten ziren, eta sei minutu jokatu nituen realzaleen aurrean. Ordutik, ordea, harmaila hutsen aurrean jokatu behar izan dugu.
Hala ere, argi dago oso bestelakoa dela zaleekin edo gabe jokatzea, eta finalaren moduko partida batean are gehiago. Izan ere, jendearen tentsioa nabaritzen da derbietan.
Pandemiak hobera egiten duenean, beraz, izugarria izango da zuretzat zaleen aurrean jokatzea, ezta?
Besteentzako ohiko egoera izango da, baina niretzat berria izango da. Sentsazio berriak izango ditut, eta ea nola erantzuten dudan! Sentsazio horiek onerako edo txarrerako izan daitezke, baina ziur alde onak nagusituko direla.
Zaleen babesa sentitzen duzue?
Bai, noski! Orain, sare sozialekin, lehen baino askoz errazagoa da zaleen babesa jasotzea, eta mezu ugari jasotzen ditugu egunero, gehienak onak: animoak, zoriontzeko mezuak, eta abar.
Donostian final giroa dagoela antzematen duzu?
Kalean dagoen tentsioa lagunekin nabaritzen dut bereziki, beraien bitartez iristen zait. Galdetzen didate ea jokatuko dudan, eta abar.
Nik ere galdetuko dizut: finala jokatuko duzu?
Imanolen [Alguacil] esku dago. Nik sasoi onean ikusten dut neure burua, beraz, ikusiko dugu!
Aipatu duzu iazko Kopako ibilbidea etxetik eta tabernetatik ikusi behar izan zenuela. Nola gogoratzen duzu?
Realak azken denboraldiotan Kopan ez ditu emaitza batere onak lortu, hainbat kanporaketa arraro izan baitira. Horregatik iazkoa oso polita izan zen.
Taldea oso sendo ikusi nuen, batez ere, lehenengo faseetako zelai txikietan. Esan dudan moduan, ez da erraza bigarren B mailako zelaietan jokatzea, eta taldea oso serio aritu zen. Real Madrilen aurkako kanporaketaren ondoren piztu zitzaidan benetako ilusioa, Bernabeun irabaztea ez baita batere erraza.
Anoetako partidak ikustera joan ohi zinen?
Bai, Zubietan bazkide txartela ematen dizute, eta kasualitatez, nire lagunen ate berean nuen eserlekua. Beraz, oso ondo pasatzen nuen Anoetan, pena da orain joan ezin izatea.
Mutilak ez, baina duela bi urte, nesken taldea Kopa irabazteko balentria egiten ikusi genuen.
Neskek egin zutena sekulakoa izan zen, oso polita. Garrantzitsua izan zen klubarentzat eta emakumeen futbolarentzat. Garaipen horrek ilusio handia sortu zuen realzaleen artean.
Taldean baduzue apusturen bat edo plan bereziren bat finala irabazten baduzue?
Nik ez daukat ezer berezirik buruan, egia esan, eta taldean ere ez da gauza handirik komentatu. Hala ere, nire lagun batek ilea urdinez margotu beharko du finalean gol bat sartzen badut [barrez]. Nik ez ditut gol asko sartzen, beraz, ez da erraza izango apustua irabaztea.
Parranda handirik ere ezingo duzue egin.
Hori da okerrena, bai. Pandemian ezin dugu lagun askorekin elkartu, ezta festarik egin. Zer egingo diogu bada!
Zein izango da finaleko emaitza?
Garaipena gurea izango da. Hoberena da kontran golik ez jasotzea, baina irabazten badugu, berdin zait zenbat gol sartzen ditugun eta zenbat gol sartzen dituzten beraiek. Ez naiz emaitzarekin bustiko [barrez].
Zer esango zenieke realzaleei finalera begira?
Pena bat dela beraien animoak eta beroa zelaian ez jasotzea, baina beraiengatik dena emango dugula eta Kopa etxera ekarriko dugula.