"Ez dut irudikatzen irabaztea ez den beste aukerarik"
Rosa Lopezek ezin du gehiago itxaron apirilaren 3ko finala ikusteko, eta argi dauka nola bukatuko den: Realak irabaziko du. Berarentzat ez da mutilen lehenengo finala, 1980ko hamarkadako Reala zuzenean ikusteko aukera izan baitzuen.
Nola gogoratzen duzu iazko Kopa?
Ondo baino hobeto gogoratzen ditut kanporaketa guztiak. Becerrilen aurkako partida, esaterako, oso polita izan zen eta lagun minak egin gara. Kanporaketa hori jokatu zenetik, realzale asko dauzkagu Becerrilen, eta gurekin doaz finalean.
Ederrena Real Madril garaitzea izan zen; finalera heltzeko behar genituen indarrak eman zizkigun. Real Madril bere estadioan eta ikusle gehienak gure aurka izanda garaitu badugu, zergatik ez dugu Athletic garaituko, zalerik gabe bada ere? Ez dut irudikatzen irabaztea ez den beste aukerarik.
Nola bizi zenituen kanporaketak?
Mirandesen aurkakoan, esaterako, han izan nintzen. Taldeari egin genion harrera izugarria izan zen, eta hori guztia bertatik bertara bizitzea ederra izan zen.
Mutilen taldearen lehenengo finala da zuretzat?
33 urte daramatzate final batera heldu gabe, eta ez dut inoiz aukera izan finalik zuzenean ikusteko. Hau ere ezingo dut zelaian ikusi, baina ez dago beste aukerarik.
Hala ere, Atotxako garaian gogoratzen ditut, bazkide bainintzen garai hartan. Nire aitak beti kontatzen dit partida zegoen egunetan bazkaltzen bukatu bezain laster nire lagun batekin joaten nintzela Atotxara, nahiz eta partida hasteko denbora asko gelditu, ezin nuelako denbora gehiagoz etxean egon.
Garai hartako finalen baten oroitzapena duzu ala gazteegia zinen?
Bai, 14 bat urte izango nituen Realak azken Kopa bat irabazi zuenean, eta oso ondo gogoratzen dut egun haietako giroa. Taldeari udaletxean egin zitzaion harrera ikaragarria izan zen.
Arconadaren, Satrustegiren eta Zamoraren garaia bizitzea izugarria izan zen niretzat. Hori bizitzeko zortea izan nuen, baina gazteagoak zaretenontzat aurtengoa lehenengo finala da.
Gogorra izan da horrenbeste urte itxarontea?
Urte gehiegi izan dira. Horregatik, are politagoa izango da final hau irabaztea.
Sevillara joatekoa zinen?
Nire ilobarekin joateko asmoa nuen. Etxetik kanpo jokatzen dituzten partida garrantzitsuetara nire ilobarekin joaten naiz: esaterako, Lyonen eta Salzburgon egon ginen.
Nesken taldea Kopa irabazten ikusi genuen duela bi urte. Nola gogoratzen duzu?
Nire ilobarekin hamaika orduko bidaia egin nuen autobusean, eta Granadan izan nintzen, beraz, pentsa! Ikaragarria izan zen: ez ginen faboritoak, baina Kopa Donostiara ekarri genuen. Berriz egingo nituzke hamaika orduak.
Finala Athleticen aurka denez, irabaztea da aukera bakarra, ezta?
Ez dago beste aukerarik. Bestela, Athleticeko zaleak jasan beharko ditugu.
Donostian sumatzen duzu finalerako giroa dagoeneko?
Duela gutxi Realak atera zituen kamisetekin giroa sortzen hasi zen, eta gero eta giro gehiago nabaritzen dut. Eguna heltzeko gogoz gaude!
Nola biziko duzu finala?
Pandemia honekin ezin dira plan handiak egin, baina bueno, bakarrik bizi naizenez, ni bezain realzalea den lankide bati esan diot nire etxera etortzeko afaltzera eta finala ikustera. Xanpain botila bat erosiko dugu, eta ziur primeran pasako dugula [barrez].
Etxera txuri-urdinez jantziko duzu?
Nire lanpostua ikusten baduzu, dena kolore txuri-urdinez beteta daukat. Etxean ez daukat balkoirik, baina gurasoen etxean banuen Realaren bandera handi bat.
Zein izango da finaleko emaitza?
2-1 irabaziko dugu, eta golegileak Oiartzabal eta Isak izango dira.