"Finalean pertsonaia nagusi bat egotea nahi dut"
Amaia Rojo Realeko mutilak bigarren mailan zeudenean hasi zen taldea jarraitzen, eta orduan ezin zuen imajinatu egunen batean Kopa baten garaipena ikusiko zuenik. Duela bi urte, neskak ikusi zituen Kopa altxatzen, eta ziur dago aurten mutilak ikusiko dituela.

Nolakoa izan zen iazko Kopa zuretzat?
Oso berezia. Real Madrilen aurkako partida, adibidez, ondo gogoratzen dut. Belea tabernan ikusi genuen, baina minutu bateko atzerapenarekin zihoan. Belfasten ere partida ikusten ari ziren, beraz, gol guztiak bi aldiz ospatu ziren Ikatz kalean, lehenengo Belfasten, eta handik minutu batera Belean. Azkeneko minutuetan Realak asko sufritu nuenez, ezin genuen desfasea gehiago jasan, eta Belfastera joan ginen.
Ilusioa areagotuz joan zen kanporaketak gainditu ahala?
Azken urteotan ez bezala, iruditzen zait iaz zale guztiek pentsatzen genuela Kopa irabaziko genuela.
Gainera, gogoratzen dut Sevillara joateko hegazkineko txartelak Mirandesen aurkako kanporaketa gainditu baino lehen erosi genituela. Pixka bat flipatu egin ginen, talde handi bat izango bagina bezala.
Gaztea izanik, ikusiko duzun mutilen taldearen lehenengo finala da.
Bai, bazkide egin nintzenean Reala bigarren mailan zegoen, beraz, pentsa! Gainera, Arconada eta garai hartako erreferenteak oso urruti gelditzen zaizkit. Askoz gertuago gelditzen zaizkit Nihat eta Karpin, eta horregatik, garai hartakoak dira nire erreferenteak; esaterako, Aranburu.
Ondo dago Arconada eta hauen historia gogoratzea, baina uste dut realzale askori urrutiegi gelditzen zaigula. Gertuago daukagu Ligan bigarren gelditu ginen urtea, adibidez.
Gaur egungo taldea erreferente bilakatu daiteke?
Taldearen egitura mantentzen badute, uste dut hemendik urte batzuetara erreferenteak izango direla jokalari hauek, oso talde gaztea delako eta gauza asko egin ditzakeelako oraindik.
Mutilak ez dituzu final batean ikusi, baina neskak bai. Nola gogoratzen duzu Granadako finala?
Zoragarria izan zen. Kopan Anoetan jokatu ziren partidetara joan ginen, beraz, oso gertutik bizi genuen ibilbidea. Ondoren, finala jokatu zenean, ni Sevillan nengoen, eta justu asteburu horretan, lagunak bisitan etorri zitzaizkidan. Granada ondoan bagenuen ere, Sevillan nuen etxean ikusi genuen partida. Behintzat, ez nuen bakarrik ikusi.
Bi urtetan bi Kopa irabaztea izugarria izango litzateke.
Ez sinistekoa izango litzateke. Agian dokumental bat egiten ariko dira, neskekin egin zuten moduan. Egia esan, merezi du.
Athleticen aurka izanda, are gehiago biziko duzu finala?
Urduri nago Athleticen aurka delako, zeren ezin da galdu. Izan ere, galtzen duenak denbora luzez entzun beharko ditu besteak. Beraiek beste final bat daukate handik gutxira, eta biak irabazten badituzte historia egingo dute; baina guk ahal badiegu historia egitea galarazi, primeran.
Nola ikusten duzu Donostia finalera begira?
Jendea haserre ikusten dut finala Sevillan delako eta ezin dutelako joan, baina pentsatzen dut partida hurbildu ahala zaleak planak egiten hasiko direla. Guk oraindik ez dugu pentsatu zer egingo dugun, baina gustatuko litzaidake lagunekin etxean ikustea. Koronabirusarekin, ordea, ez dakit halakorik egin ahalko dugun.
Zein emaitzarekin bukatuko da finala?
Emaitza polit bat 3-0 irabaztea izango litzateke, eta norbaiten hat trick-arekin; finalean pertsonaia nagusi bat izatea nahi dut.
Zeinek sartuko du ‘hat trick’ hori?
Ez dut Oiartzabal esango, kapitaina izanda, nahikoa protagonismo duelako. Isak esango dut: Isaken gaua izango da.