"Gol guztien ospakizunak Sevillatik entzungo dituzte"
Ivan Garrido realzaleak nahiago zuen finala iaz jokatu izana, zalerik gabe bazen ere, Kopan aurrera egin zuten jokalari berdinek finala jokatzeko. Hala ere, Kopa Donostiara etorriko dela uste du, eta taldeaz oso harro agertu da.
Nola bizi zenuen iazko Kopa?
Ilusio handiz. Ikusten nuen Reala pixkanaka txapelketan aurrera egiten ari zela, eta gero eta ilusio gehiago pizten joan zitzaidan.
Kopa berezia izan zen, Becerrilen aurkako partidatik hasita.
Nik Becerril jarraitzen dut ordutik [barrez].
Zer sentitu zenuen finalerako sailkatu zirenean?
Pozaren pozez eta taldeaz oso harro nengoen finalera heldu zirenean. Martxoan, ikusi genuenean ezingo zela zaleekin jokatu, ni ahalik eta azkarren jokatzearen aldekoa nintzen, zalerik gabe bazen ere. Batez ere, finalera heldu ziren jokalariek jokatzea nahi nuelako.
Mutilen taldearen lehenengo finala da zuretzat?
Ikusiko dudan lehenengoa da. Azkenekoan bi urte inguru nituen.
Etxean kontatzen zizkizuten 1980ko hamarkadako garaipenak?
Kasu arraro bat naiz: oso realzalea banaiz ere, nire familia ez da batere futbolzalea. Hala ere, ingurukoek hitz egin izan didate nik ikusi ez ditudan garaipen horien guztien inguruan.
Sevillara joatekoa zinen?
Aukera izan banu joango nintzen, noski. Izan ere, realzaleentzako bereziak diren momentuetan egoteko aukera baduzu, ezin duzu galdu; ni 2013ko Manchester Uniteden aurkako norgehiagokan izan nintzen Manchesterren bertan, eta ikaragarria izan zen.
Realeko bazkide zara?
Ez, ez daukadalako partida guztietara joan ahal izateko ziurtasuna, lan kontuengatik, besteak beste. Hala ere, oso zale aktiboa naiz, eta El rincón de la Real atariaren arduraduna naiz. Esan beharra daukat orain bazkide egiteko aukera aztertzen ari naizela.
Duela bi urte nesken taldeak Kopa irabazi zuen, eta mutilenak aurtengoa irabazi dezake.
Ziklo garrantzitsu bat ixtea izango litzateke. [Roberto] Olabe klubera iritsi izanak oso emaitza onak eman ditu, eta horren erakusgarri da nesken garaipen hori, mutilen taldearen egoera ona, Sanserena, eta abar. Ez nuen nesken final hori ikusi, baina gogoratzen dut zaleen artean giro ederra sortu zela.
Athleticen aurka izatea berezia da?
Betiereko aurkaria bada ere, ni saiatzen naiz Athletic talde bat gehiago izango balitz bezala tratatzen. Hala ere, argi dago finala derbi bat izatea plus bat dela denontzat. Gainera, Athletic oso ondo dabil azkenaldian, eta beldur pixka bat ematen dute, baina berdin du: irabaziko diegu.
Hain justu, beraiek bi final dituzte.
Nik uste dut Bartzelonaren aurkakoa galdutzat ematen dutela. Horregatik, gogo handiz aterako dira gure aurka. Gainera, Bartzelonaren aurka irabaztea baina gure aurka galtzea ez litzaieke asko gustatuko.
Zer giro ikusten duzu Donostian?
Twitterren badago mugimendua; jendea balkoiak apaintzera animatzen ari dira, besteak beste. Guk, esaterako, balkoian bandera txuri-urdina jarriko dugu.
Nola biziko duzu zuk finala?
Ordurako elkarte gastronomikoak irekitzen badituzte, elkarte batean ikusiko dugu lagunekin. Itxita jarraitzen badute, ordea, etxean ikusi beharko dugu, eta afari bereziren bat egingo dugu. Gol guztien ospakizunak Sevillatik entzungo dituzte! Irabazten badugu, gauza txar guztiak ahaztuko zaizkigu.
Zein emaitzaren alde egingo zenuke apustua?
Realak 2-0 irabaziko duela esango nuke.
Eta golegileak?
Asko gustatuko litzaidake Barrenetxeak bat sartzea. Eta, bestea, Oiartzabalek, beti sartzen baitu.