Infernuaren hirigintza planaren aldaketa behin betiko onartu dute
Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu du Infernuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk babestu dute, eta Elkarrekin Donostiak kontra bozkatu du. Aldaketa horren arrazoia da eremu osoaren hiri birsorkuntza eta birkalifikatzea behar dela, haren ondare eraikiaren eta urbanizatuaren ordezkapen osoaren bidez –egungo hornitegia eta kontzesionarioa izan ezik–. Beraz, proiektatutako jarduketa berriak aurreikusi dira, egungo hiri ingurunearen errealitatera egokituak.
Horiek horrela, hirigintza eremu horretarako argi eta garbi berezitako bi eremu proposatzen dira. Alde batetik, erabilera tertziarioko eremua, Zuatzura eramaten duen Zubiberriko bidearekin lotuta, esparruaren hego ekialdeko muturrean. Eta eremu horretara sartzeko biribilgune berria egingo da. Bestetik, bizitegi eremua, erabilera tertziarioko gune berriaren eta egun dagoen kontzesionarioaren artean kokatutako lurretan. Bizitegi eremu honetan 540 etxebizitza aurreikusten dira, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libre.
Gainera, egun Tolosa hiribideko 188. zenbakian dagoen zerbitzugunearen eta ibilgailu kontzesionarioen lur-zatiak finkatu egiten dira. Bestalde, aldaketak Añorgako ubidea leheneratzea eta balioztatzea aurreikusten du, baita errekari lagunduko dion parke lineal bat sortzea ere.