Oier Oak ez du zigorra onartu, eta epaitu egingo dute
Frantziako Estatuan egoteko duen debekua urratzeagatik, lau hilabeteko zigorra ezarri nahi zioten Oier Oa preso ohi donostiarrari. Gaur pasa da Baionako prokuradorearen aurretik, eta zigorra ez du onartu. Ondorioz, epaitua izango da, baina ez diote esan noiz izango den.
Berria egunkariak Oarekin hitz egiten aukera izan du prokuradorearen bulegotik ateratzean: “Gauden testuinguru politikoan horrelako gauzak gainditu behar ditugu. Herria ados denean, eta erabaki duelarik gatazka honen orria itzularaztea, badirudi batzuek iraganean katramilaturik egon nahi dutela”.
Frantziako justiziak lurralde debekua ezarri zion 2015ean, eta harrezkero ez du eskubiderik Iparraldean egoteko. Halere, azken urteetan Larresoron (Lapurdi) bizi da familiarekin, eta Etxepare lizeoan egiten du lan. Azaroaren 25ean atxilotu zuten, bideko kontrol batean.
Babesa adierazi diote
Baionako auzitegiaren aurrean babesa adierazi diote Oari Etxepare lizeoko ikasle eta lankideek. Etxepare lizeotik Baionako zuzitegiraino maniestazioa egin dute Etxepare lizeoko ikasleek, txarangarekin. Oa epaitegira sartu den unean txalo zaparrada eta sostengu oihuak jaso ditu. Asko “hunkitu” da ikasleen agerraldiarekin: “Denen artean egoera itzuliko dugula pentsatzen dut, eta laster egunerokoan ikasleekin eta familiarekin elkartzea espero dut”.
Berria egunkariak Oa elkarrizketatu zuen duela egun batzuk, eta osorik irakur daiteke hemen.