"Wikipediari esker, errazagoa da hau guztia zabaltzea"
Biktoriano Iraola idazle, litografo eta marrazkilariaren argazkia Irutxulo astekarian argitaratu zen lehen aldiz, 1995ean, Donostiar haien garaia atalean, Gotzon Egiaren artikulu batean. Egiak berak lortu zuen argazki hura, Iraolaren bilobaren bidez.
‘Irutxulo’ astekarian argitaratu zenuen Biktoriano Iraolaren irudi ezagunena. Nola zabaldu zen?
1995eko abenduaren 29an argitaratu nuen, Donostiar haien garaia sailaren barruan. Artikulu sail hori bi urtez landu eta argitaratu nuen Irutxulo-n. Iraolaren argazki hura agertu zenean, Internet hasten ari zen Euskal Herrian; aldizkaria paperean soilik kaleratzen zen. Berehala, baina, baten batek Iraolaren argazkia eskaneatu eta hasi zen hedatzen Interneten; esate baterako, Juan Luis Zabalak Euskaldunon Egunkaria-n argitaratu zuen, 1997ko otsailaren 8an, Sendoa-Auspoak orduan kaleratu zuen Au poza senti det eta beste bertso asko liburuaren kronika egin zuenean.
Zuk nola lortu zenituen irudiak?
1983an aukera izan nuen Iraolaren biloba ezagutzeko: Ana Balanzategi. Berak utzi zizkidan argazkiak. Garai hartan ez zegoen kopia digitalik egiteko modurik, eta orduan, argazki denda batean argazkiaren paperetik negatiboa egitea lortu nuen.
Zaila izan al zen argazkien arrastoa jarraitzea?
Ez naiz ondo gogoratzen, baina garai hartan Iraolaren lanen azterketa egiten ari nintzen, eta uste dut Antonio Zabalak eman zidala Iraolaren bilobaren arrastoa. Hark esan zidan Bengoetxea kalean bizi zela, eta, egun batean, hara joan eta tinbrea jo nion, eta, bai, bera zen. Oso ondo hartu ninduten hark eta bere senarrak.
Aitonaren hiru gauza baliozko utzi zizkidan Ana Balzategik: bi argazki (horietako bat bakarra argitaratu nuen Irutxulo-n) eta eskuz idatzitako koaderno bat, Ziriyak eta Choriyak bertso sailak zituena; lehen atala, argitaragabea. Koadernoaren kopia egin nuelarik, itzuli nionean iradoki nion agian hobe zela Donostiako udal liburutegiari ematea, gal ez zedin. Zorionez, kasu egin zidan, 1998ko urriaren 28tik liburutegian gordetzen baita koadernoa.
Wikipedian ere hasi zinen Iraolaren artikulua idazten, baina bide bihurria izan omen da zuk lortutako irudien kopia horiek irudiak argitaratzeko baimena lortzea…
Bai, 2007an, Wikipediako editore lanetan hasi nintzenean, idatzi nuen lehen artikuluetako bat izan zen Biktoriano Iraolarena. Poz-pozik, argazkia kargatu nuen Wikipedian, baina ordu gutxiren buruan, ezabatu egin zidaten: Wikipediak zorrotz jokatzen du, copyright izan dezakeen materialik ez du onartzen, lege arazorik ez izateko. Jakina, argazkia Interneten barrena zebilenez, pentsatu zuten lapurtu egin nuela. Ikusten badute Interneten oso zabalduta dagoela argazki hori, pentsatzen dute argazki hori ez dela zurea, kopiatu egin duzula. Etsita geratu nintzen. Argazki hori nik bakarrik nuen, baina ezin nuen erabili Wikipedian eta eskubidez askatu. Irutxulo-ko artikulua erakustearekin ere ez zen nahikoa. Iturria erakutsi behar nuen. Istorioa koherentea zirudiela esaten zidaten, baina demostratu egin behar nuen.
Azkenean, nola lortu duzu korapiloa askatzea?
Iraolaren artikulua hobetzen hasi nintzen orain dela aste batzuk, datu gehiago baitago orain eskura, liburutegietan eta artxiboetan. Lan hori hartu dudanez, bide batez, Iraolaren argazkiak legeztatzea lortu dut. Wikipediak badu, gaur egun, sistema bat, OTRS izenekoa (Open-source Ticket Request System), argazkien eta beste materialen eskubide arazoak ebazteko. Mezu batean, frogatu behar izan nuen argazkien plaka negatiboak nireak direla: argazki bat bidali behar izan nuen, nire nortasun agiriaren ondoan bi plakak agertzen zirela. Berehala eman zidaten baimena, beraz, orain Iraolaren bi argazkiak Wikipedian daude, Creative Commons baimen libre batekin. Eta orain zorionez edonork erabil ditzake.
Zein berritasun dakartza zure artikuluaren azken bertsioak?
Besteak beste, marrazkilari moduan egin zuen lana erakusten saiatu naiz. Oso marrazkilari ona zen. Leku askotan, ikerlari askok esaten dute Iraola izan zela Euskal Herrian komikiaren aitzindaria. Komikiak ulertuta guk ulertzen ditugun moduan, alegia, istorio bakar bat binetatan banatuta. Kontzeptu hori Euskal Herrian lehenbiziko aldiz berak erabili zuen. Umore grafikoa ere asko landu zuen. Eta gero, baita ere, erretratuak. Gainera bi modalitate landu zituen. Batetik, garaiko politikari, idazle eta pilotariak irudikatu zituen. Erretratu klasikoa eta errealista zen hura, ia beti zuri-beltzean, xehetasun handiarekin. Bestetik, gorputz osokoak ere egin zuen, karikaturara joz. Karikatura mota berezi bat da; Frantzian, XIX. mendean, oso modan egon zen.
Litografoa ere izan zen lanbidez, bizitza guztian, eta nabaritzen da oso trebea zela. Koloretan inprimatzen zituen litografiak, eta hori Europan ez zen batere ohikoa. Teknika sortu eta hogei urtera hemen aritu zen gauzak koloretan inprimatzen. Bereziki dira oso politak Lore jokoen memorien azalak. Lore jokoak bukatu eta gero, memoria batean biltzen zuten, eta azalak Iraolak egiten zituen. Bere material grafiko guztia eta litografiak igo egin ditut Wikipediara; irudi galeriak egin ditut. Guztira izango dira 300 bat edo.
Izugarrizko lana hartu duzu!
Bai, denbora asko eman dut, baina poliki-poliki egin dut, presarik gabe. Hori da Wikipediak duen abantaila, ez du presarik, ez dizu inork eskatuko, ez da editore bat duzula atzetik. Gaur egun, Wikipediari esker, errazagoa da hau guztia zabaltzea. Horrelako tresna batek aukera batek ematen dizu errazago lan egiteko, ez zaude lotuta paper batekin edo argitalpen batekin, libre egin dezakezu, eta libre utzi.
XIX.mendeko Donostiako egileen obran sakontzea duzu pasio. Zergatik?
Garai oso berezia izan zen Donostian. Orduan bota zituzten harresiak, orduantxe izan zen hiriaren zabalkunde urbanistiko eta ekonomiko ikaragarria. Donostia, gaur egun ezagutzen dugun moduan, orduan eratu zen. Eredua ere bai —bueno, pixkat nahi baduzu—, burges hau, eta turismoaren garrantzia eta hori guztia, orduan eratu zen poliki-poliki, urte haietan. Zorionez, urte horietan ere izan zen talde intelektual bat Jose Manterolaren inguruan, eta horietako bat izan zen Iraola. Saiatu ziren, foruak galdu berritan zeudela, bada, euskal nortasuna eta batez ere hizkuntza aurrera ateratzen. Nik uste dut oso garai polita izan zela, eta oso gai interesgarria, oso bizia… Memoria hori berreskuratzea ez da txarra.
Oraindik lan asko geratzen al da?
Bai. Gutxi dakigu. Nik lanean jarraituko dut Wikipedian. Irutxulo-n argitaratu nituen sail horretakoak denak daude Wikipedian. Orain horiek hobetzen joateko asmoa dut: Antonio Arzak, Rosario Artola, Franzisko Lopez Alen eta Pepe Artola, besteak beste. Badago zer eginik.