95 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte asteburuan Donostian
Intzidentzia metatuak 191,90era egin du gora, eta ostiraletik igandera 95 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten. Bidebietan eta Loiolan berdin mantendu da intzidentzia metatua, eta gainontzekoetan gora egin du datu honek.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 95 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian ostiralean, larunbatean eta igandean. Horrela, intzidentzia metatua 191,90ekoa da gaur. Hainbat astez intzidentzia metatuak behera egin badu ere, martxoaren 12an joera aldatu eta gora egin zuen. Joan den ostiralean 160,64koa zen intzidentzia metatua, eta eremu horian jarraitzen du Donostiak.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
65 urte baino gutxiago dituzten pertsonak txertatzeari ekingo diote aste honetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; AstraZeneca etxearen txertoa jasoko dute. Dagoeneko txertatu dituzte 100 eta 90 urte baino gehiago dituzten pertsonak, eta orain 80 urtetik gorako pertsonak eta hezkuntzako langileak txertatzen daramatzate bi aste. 55 urte baino gutxiagoko pertsonen kasuan, hainbat kolektibori txertoa jartzen ari zaizkie. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion duela hiru aste, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin; Anoeta ere txertaketa gune izango da datorren astetik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetako 8.000 langile eta erabiltzaile txertatzeko.
Bestalde, martxoaren 9tik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Era berean, Aste Santuan debekatua egongo da autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna. Martxoaren 10ean hartu zuen erabaki hori Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin batera, eta etxeratze agindua 23:00etara luzatzea ahalbidetu dute.
Intzidentzia osasun eremuka
Bi osasun eremutan berdin mantendu da intzidentzia metatua, Loiolan eta Bidebietan, eta gainontzeko guztietan gora egin du datu honek.
· Aiete: 296,81
· Parte Zaharra: 260,12
· Ondarreta: 206,33
· Intxaurrondo: 192,78
· Egia: 162,32
· Amara Berri: 150,76
· Altza-Roteta: 148,00
· Gros: 145,21
· Bidebieta: 124,88
· Amara-Erdialdea: 124,86
· Loiola: 81,77
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke ostiral, larunbat eta igandeko datuak:
· Ondarreta: 18
· Parte Zaharra: 16
· Amara Berri: 12
· Aiete: 11
· Altza-Roteta: 6
· Gros: 9
· Egia: 8
· Intxaurrondo: 5
· Amara-Erdialdea: 4
· Bidebieta: 1
· Loiola: 0